Gizartea -
'O-sarean'
Eusko Jaurlaritzak Internet bidezko osasun zerbitzua abian jarriko du
Aurrez-aurreko kontsultak % 20an murriztea espero dute eredu aldaketa honen bidez. Oraingoz, Bilboko 50.000 biztanlerekin hasi dute esperientzia eta 2011ko azarotik aurrera EAE osora zabalduko dute.
Erredakzioa
Kanal anitzeko Osasun Zerbitzu Zentroa martxan jarri du Osakidetzak, erabiltzaileekin harremanak izateko molde berriak ezarriz. Aurrez aurrekoa beharrezkoa ez denerako arreta-bideak ireki nahi dituzte, telefonoz, posta elektronikoz edo sms bidez harremanak izan ahal izateko.
Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburuak ''O-sarean'' zerbitzua aurkeztu du gaur; informazio teknologikoaz baliatuz, gaixoen eta profesionalen arteko harremanak hobetu nahi ditu, batez ere, gaixo kronikoekin.
Bilbon egingo da lehen saiakera; Otxarkoaga, Gazteleku eta Zerbarango osasun zentroetan. Gauzak ondo badoaz, 2011ko azarorako EAEko gainerako biztanleei zabalduko dute zerbitzu hori.
Hori horrela, web edo telefono bidez medikuarekin ez ezik, erizain, pediatra zein emaginarekin zita hartzeko modua izango da; gainera, aurrez-aurre izan barik arreta agiriak edo errezetak eskatu ahal izango dira.
Era berean, telefono bidez aholkularitza kontsulta egiteko modua izango da, batez ere, tratamendu luzea duten gaixoei, telemedikuntza edo urrutiko kontrola sustatuz.
Gaixoa sistemaren erdian kokatuko dute, era aktiboan, esan du Rafael Bengoak.
Sistema berria erabat zabalduta eta martxan dagoenean urtero biztanleko 5 euroko kostua izango du.