Gizartea -
Istripua
Hildako bat Leintz Gatzagan (Araba) istripu baten ondorioz
Zerk eragin duen oraindik ez dakitela, Holandako matrikuladun Mercedes Vito furgoneta bat errepidetik irten eta irauli egin da, Isuskitzako tunelean.
Erredakzioa
Gizonezko bat hil egin da gaur arratsalde erdialdera AP-1 autobidean, Leintz Gatzagan (Araba), jazotako istripu baten ondorioz. Ezbeharrean furgoneta bat errepidetik irten eta irauli egin da. Ibilgailua eskuineko erreia oztopatzen geratu da, Isuskitzako tunelean.
Ezbeharra 17:20etan jazo da AP-1ean, Leintz Gatzagan. Zerk eragin duen oraindik ez dakitela, Holandako matrikuladun Mercedes Vito furgoneta bat errepidetik irten eta irauli egin da, Isuskitzako tunelean.
Ertzaintzaren hainbat patruila eta osasun langileak bertaratu dira, baina gidariaren (61 urteko Holandako gizon bat) heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin. Ertzaintzak beharrezko ikerketa abiatu du, zorigaiztoko ezbeharra zerk eragin duen argitze aldera. Bestalde, 17:45tan, matrikula berria duen Hyundai Tucson auto bat irauli egin da A-8an, Arenako zubian, Muskizen, Kantabriarako noranzkoan.
Istripuaren ondorioz, zirkulazioa Pobeñarako irteeratik bideratu dute, istripua izan duen ibilgailua errepideko bi erreiak oztopatzen geratu baita. Gidaria zauritu da, eta anbulantzia batek Bizkaiko ospitale batera eraman du.