Gizartea -
Saria
Sauvagek, Stoddartek eta Feringak irabazi dute Kimikako Nobel saria
Suediako akademiak makina molekularren sintesian eta diseinuan eginiko lanagatik saritu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jean-Pierre Sauvage kimikari frantziarrak, J. Fraser Stoddart kimikari britainiarrak eta Bernard L. Feringa kimikari herbeheretarrak irabazi dute 2016ko Kimikako Nobel saria, Suediako Zientzien Akademiak jakinarazi duenez.
Epaimahaiaren arabera, hiru kimikari sarituek kontrolatu daitezkeen mugimenduak dituzten molekulak garatu dituzte, eta horiei energia gehitzen bazaie zeregin bat egin dezakete; bestela esanda, munduko makinarik txikienak egin dituzte.
Suediako Zientzien Akademiaren esanetan, hiru kimikari horien lanari esker nanoteknologiak aurrerapausoak eman ditu. Beraien helburua "nanometro gutxiko neurria zuten makinak eraikitzea zen", eta horretarako naturako hainbat elementu imitatu zituzten: bakterio baten flageloa edota forma kiribila duten makromolekulak, kasu.
Bestalde, Suediako Zientzien Akademia ziur dago nanoteknologiaren alorrean "gertaera zirraragarriak" izango direla etorkizunean hiru kimikari sarituei esker.