Gizartea -

Jaialdiaren amaiera

Ez dute Saloufest jaialdirik egingo aurrerantzean Saloun

Britainia Handiko unibertsitate ikasleen jaialdi polemikoa bertan behera utzi du antolakuntzak. Lloret del Marren egiteko asmoa zuten, baina ez dute akordiorik lortu.

Saloufest jaialdiaren artxiboko irudia. EITB
Saloufest jaialdiaren artxiboko irudia.
Saloufest jaialdiaren artxiboko irudia. EITB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salouk ez du aurrerantzean Saloufest jaialdirik hartuko. Aste Santuaren aurreko eta ondoren asteetan izan ohi zen Britainia Handiko unibertsitate ikasleen jaia Saloun, baina Ilovetour antolatzaileak bertan behera utzi du, erakundeek azken bi urteotan egindako presioaren ondorioz. Enpresak dioenez, 16 urtez jarraian egin dute jaia bertan, eta 100.000 lagun baino gehiago bildu dituzte. Guztira, 5 miloi euroko inpaktua izan du, denboraldi baxuan, antolatzaieen datuen arabera.

Hala ere, Salouko Udalak eta Generalitateak presioa egin dute azken bi urteotan eta, ondorioz, ''ez da bideragarria gazteen turismo eskaintzarako programak bideratzea'' bertan, antolatzaileen hitzetan.

Ilovetour enpresa saiatu da jaialdia Lloret de Mar (Girona) udalerrira eramaten, baina bertako agintariekin egindako negoziaketek ez dute emaitzarik eman.

Protestak eta zigorrak

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, presio mediatikoaz gain, enpresa kolaboratzaileek ''administrazio-ikuskaritza kantitate handia'' jaso dute, eta ikasleek ere ''presioak'' jaso izana salatu dute.

Joan den apirilean, Generalitateak iragarri zuen Kataluniako Turismo Agentziaren zigilua kenduko ziela ''mozkorraldi turismoa'' eskaintzen zuten enpresei.

Aurten, Salouko Udaltzaingoak hiru ikasle atxilotu zituen, erasoak direla-eta; horrez gain, 40 isun jarri zituen jaialdiaren lehen txandan (guztira 3 txandatan joan ohi ziren ikasleak Saloura). Bortxaketa salaketak eta 'balconing'a dela-eta lesioak ere izan dira jaialdiari lotuta.

Halaber, asko izan dira bertako bizilagunen kexak, zarata dela-eta. Herritarrek salatu dutenez, gazteak mozorrotu, alkohola edan eta kalean abestu eta pixa egiten zuten; hiri-altzariak apurtzeaz gain, asko ziren gazteen arteko liskarrak, kexa horien arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Gizartea Gaurko azken orduko albistea