Gizartea -
Megapark inguruan
Aske utzi dute Barakaldoko istripuan gizon bat ustez hil zuen gidaria
Epailearen aurrean deklaratu eta gero, aske uztea erabaki du epaileak. Bi delitu egotzi dizkiote: gizahilketa eta istripuaren biktimari ez laguntzea.
eitb.eus
Megapark inguruan (Barakaldo, Bizkaia) ustez gizon bat harrapatu eta bertan hil zuen gidaria aske utzi dute, epailearen aurrean izan eta gero.
Zehatz-mehatz, aske geratu da karguekin, eta bi delitu egotzi dizkiote: gizahilketa eta istripuaren biktimari ez laguntzea.
Ordu batzuk lehenago, bere burua entregatu zuen Polizia-etxean. Gidaria Retuerto Barakaldoko auzoan bizi da, hain zuzen, furgoneta topatu zuten gunean.
Poliziaren arabera, ikerketaren erritmo onak eta agenteek auzoan abiatutako setioak presio handia egin zioten gidariari, eta azkenean polizia-etxean egin zuen aitortza.
Astearte arratsaldetik ari ziren haren bila, eta hiru pista ari ziren ikertzen: oinezkoa harrapatu zuten tokian dauden bideo-kamerek grabatutako irudiak, ibilgailuaren jabea eta lekukoen testigantzak.
Hiru ildo horiek eraman zuten ikerketa Barakaldoko Retuerto auzora, eta bertan agenteak izan ziren atzoko egun osoan zehar. Bertan aurkitu zuten istripuaren furgoneta, eta arratsaldean bere burua entregatu zuen gidariak.
Hasierako ikerketaren arabera, biktimak Megapark Barakaldoko merkataritza-parkeko aparkalekuan utzi zuen bere autoa, eta, errepidea zeharkatzen ari zela, Sestaorako bidean zihoan furgoneta batek harrapatu zuen. Bertan hil zen.