Gizartea -
Kiwi operazioa
Bi gizon atxilotu dituzte Iruñean lan-esplotazioa egotzita
Hirugarren gizon bat ere ikertuko dute. Beharginei "lanaldi luzeak" ezartzen zizkieten, baina Gizarte Segurantzan alta eman gabe eta soldata baxuagoak ordainduta.
Agentziak | Erredakzioa
Lan-esplotazioa leporatuta, bi gizon atxilotu dituzte eta hirugarren bat ikerketapean jarri dute Espainiako Poliziaren agenteek. Kiwi operazioa (izen hori jarri diote) Iruñean egin dute, Iturrama auzoan dagoen elikagai saltoki batean.
Espainiako Poliziaren Bulego Nagusiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, atxilotuak pakistandarrak dira, baita horiek esplotatu omen dituzten beharginak ere.
Polizia Nazionalaren Kidegoaren Atzerritarren eta Mugen Probintzia Brigadak abuztuan abiatu zuen ikerketa, Iruñeko saltoki batzuetan beharginak esplotatzen zituzten zantzuak atzeman eta gero. Gizarte Segurantzaren Lan Ikuskaritzak emandako datuei esker jakin zutenez, beharginei "gerora betetzen ez zituzten baldintzak" agintzen zizkieten saltoki batzuetako arduradunek.
Langileok "lanaldi luzeak" egitera behartzen zituzten, Gizarte Segurantzan alta eman gabe eta "berez zegokiena baino gutxiago" ordainduta soldata gisa.