Gizartea -
Barakaldon
Etxeetako laguntza zerbitzuko erabiltzaileei iruzur egiten saiatu dira
Barakaldo Udalak jakitera eman duenez, telefono deien bidez “zoru-garbigailua, zakarrontzia eta gailetak” oparituko zizkietela esaten zieten biktimei.
Agentziak | Erredakzioa
Barakaldoko Udalak (Bizkaia) iruzur saiakera berriaz ohartarazi die Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileei. Zerbitzu horretako erabiltzaile batek adierazi duenez, ustezko gizarte laguntzaileetako baten deia izan zuen eta Udalaren izena erabiliz, opariak eskaini zizkion.
Ohar baten bidez Barakaldoko Udalak jakitera eman duenez, deiak joan den urriaren 7an egin ziren. Biktimei “zoru-garbigailua, zakarrontzia eta gailetak” oparituko zizkietela esaten zieten, “Udala urteurrena ospatzen ari zelako eta haien familia gogokoak zirelako”.
Zerbitzu horren erabiltzaile batek, deia arrarotzat jo zuen eta bere alabari horren berri eman zion. Orduan, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuarekin harremanetan jarri ziren iruzur saiakera horren berri emateko.
Udalak azpimarratu duenez, “inola ere ez” du dei horiek egiteko baimenik eman, eta zerbitzu horren erabiltzaileen artean ez dela “inolako promoziorik egiten ari” gaineratu du.
Horrenbestez, horrelako deiren bat jasoz gero, harremanetan jartzeko aholkatzen du; Gizarte Ekintza Arloarekin, Udaltzaingoarekin edota Udalarekin 010 telefonoaren bidez.
Era berean, zerbitzu horretaz arduratzen den enpresarekin harremanetan jarri da Barakaldoko Udala, laguntza eskatzeko eta gertatutakoa argitzen saiatzeko. Ildo horretatik, iruzurraren berri emateko eta horrelako eskaintzarik onar ez dezaten eskatu diete herritarrei.
Halaber, Udaltzaingoari baita Ertzaintzari ere gertatutakoaren berri eman diete eta jakinaren gainean daude jada.