Gizartea -
Eustat-en datuak
18.851 haur jaio ziren iaz Euskadin, 2014an baino % 2,7 gutxiago
Amen batez besteko adina 33,4 urtekoa da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoan 18.851 haur jaio ziren iaz, 2014. urtean baino % 2,7 gutxiago.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian izan da beherakada handiena, 9.331 ume jaio baitziren 2015ean (aurreko urtean baino % 4,2 gutxiago); Araban, 3.159 ume jaio ziren (2014an baino % 3,6 gutxiago), eta 6.361 ume jaio ziren Gipuzkoan (aurreko urtean bezainbeste).
Jaiotzen % 81,4tan amak 30 urte edo gehiago zituen. Hala ere, talderik ugariena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena da, jaiotza guztien % 37,7. Ildo horretan, urtez urte gora egiten ari dira 35 eta 39 urte bitartean eta 40 urte bete ostean ama izaten direnen kopuruak; iaz jaiotza guztien % 35,2tan amak 35 eta 39 urte bitartean zituen eta % 8,5etan, berriz, 40 urte baino gehiago. Alderantziz, 25-29 urte bitartekoen jaiotza kopuruak (% 13,3) eta 20-24 bitartekoenak (% 4,1) gutxituz doaz.
Amen batez besteko adina 33,4 urtekoa da. Dena den, nazionalitate espainiarra duten amek 34,1 urte dituzte batez beste eta atzerritarrek, ostera, 30,7 urte. Halaber, 2015ean lehen aldiz erditu dutenen batez besteko adina 32,4 urtekoa da.
Amen nazionalitateari dagokionez, % 19,8 atzerritarrak ziren eta 3.732 haur izan zituzten. EAEn bizi diren emakume atzerritarrek nazionalitate espainiarra dutenek baino lehenago izaten dituzte haurrak: atzerritarren kasuan % 40,6 ziren 30 urte baino gutxiagokoak eta nazionalitate espainiarren artean, aldiz, % 13,2.
Ezkontzatik kanpo jaiotako haurrak 7.838 izan ziren, jaiotza guztien % 41,6 eta 2014an baino % 1,4 gehiago. Bestalde, azken urteetan ezkontzatik kanpoko jaiotzak bikoiztu egin dira.
Iaz neska baino mutiko gehiago jaio ziren, 100 neskatoko 107 mutiko. Erditzeak 18.442 izan ziren eta horietatik 17.959 bakunak, 472 bikoitzak eta 11 hirukoitzak.