Gizartea -
Kamioi batek su hartu du
Positibo eman du Oiartzunen erre den kamioiaren gidariak
Errepidea asfaltatzeko lanak bukatu arte, errei batek itxita jarraituko du Bilboko noranzkoan.
EITB.EUS
Asteartean Gipuzkoako errepideetan kaosa eragin duen istripuaren ondorioak eragiten ditu biharamunean ere. Izan ere, errepidea asfaltatzeko lanak bukatu arte, errei batek itxita jarraituko du Bilboko noranzkoan.
Kamioi batek su hartu, eta autobidea guztiz itxi behar izan dute. Ibilgailuaren gidariari alkoholemia proba egin diote, eta positibo eman du. Horregatik, atxilotu egin dute.
Ezbeharra astearteko 03:15ean jazo da. Bilboko bidean zihoan kamioi bat errepidetik irten da, eta su hartu du. Sutea itzaltzeko lanak direla eta, autobidea itxi behar izan dute, bi noranzkoetan.
05:30ean errei bat zabaldu dute Irungo noranzkoan, baina Bilborako bidea erabat itxita egon da hainbat orduz. Pilaketak saihesteko, Irunen AP-8ko sarbidea itxi egin dute Bilboko noranzkoan. Suhiltzaileek 08:00ak inguruan lortu dute sutea amatatzea, baina gerora ere lanean izan dira denbora batez bilgailua hozteko.
Pilaketak
Ibilgailuen joan-etorria handia da izan da goizean, eta autobidea itxita, ilara luzeak sortu dira. Bilboko noranzkoan, mugaraino heldu dira pilaketak.
Ibilgailuak Arraguako biribilgunerantz bideratu dituzte, autobidea apur bat geroago hartzeko. Izan ere, istripua izan duen kamioia AP-8aren sarrera-irteeraren artean zegoen.
Bestalde, pilaketa gehiago sor ez zitezen, Irungo sarbidea ere itxi egin dute Bilboko noranzkoan. Ibilgailuak GI-636 errepidetik joan ahal dira, baina han ere ilarak sortu dira.
Biriatutik heldutako kamioiak, berriz, N-121-A errepidetik bideratu dituzte.
Trafiko Zuzendaritzaren kamera batek AP-8an, Oiartzun parean, hartutako irudia. Argazkia: @trafikoaEJGV