Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Aske gelditu da Donibane Lohizuneko hilketagatik atxilotutako gizona
Atxilotuak, hildakoaren koinatua, hildakoarekin eztabaida izan zuen, baina ez ei du haren heriotzarekin zerikusirik. Autopsiaren arabera, auto batek harrapatu zuen.
EITB.EUS
Astelehen goizaldean haren koinatuaren heriotzarekin zerikusia zuelakoan Donibane Lohizunen atxilotutako gizonezkoa aske gelditu da bi eguneko galdeketaren ostean, EiTBk jakin ahal izan duenez. Hala ere, Poliziak ikertzen jarraitzen du.
Atxilotuak, 30 urte inguruko donibandarra, senidearekin -27 urteko urruñarra- eztabaida izan zuen, baina Poliziak ez du haren autoan kolpe aztarnarik topatu eta Poliziaren arabera, ez du heriotzarekin inolako zerikusirik.
Biktimari egindako autopsiaren arabera, 27 urteko urruñarra auto batekin harrapatu zuten.
Polizia igande gauean, RD 810 errepidean, Donibane Lohizuneko Akotze auzoan gertaturikoa argitzeko lekukoen bila ari da.