Gizartea -

Bilbo

Bilboko Udalak Deustuko kanaleko lanen kontratua baliogabetu du

Udalaren esanetan, enpresak lanak gelditzea erabaki du. Orain, egindakoa kitatu eta falta diren lanak berriz lizitatuko ditu. 2017a amaitzerako Deustuko kanala irekita egotea aurreikusten du.

Zorrotzaurre. Argazkia: EiTB
Zorrotzaurre. Argazkia: EiTB
Zorrotzaurre. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaleko gobernu batzarrak baliorik gabe utzi du Deustuko kanala irekitzeko aldi baterako enpresa-elkarte batekin zuen kontratua, akordioa behin eta berriro urratzeagatik eta enpresak, alde bakarreko erabakiz, lanak gelditzeagatik.

Ricardo Barkala Bilboko Udaleko Obra zinegotziak gaur kazetarien aurrean egindako agerraldian adierazi duenez, EAJk eta PSE-EEk osaturiko gobernu taldeak Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren babesa izan du erabaki hori hartzeko.

Udalaren eta aldi baterako enpresa-elkartearen arteko desadostasunak 2015eko martxoan hasi ziren, Eusko Jaurlaritzak aginduta, indusketa plan berri bat aplikatu behar zela ezagutu zenean. Orduan, aldi baterako enpresa-elkarteak kontratua aldatzea eskatu zuen, baina Udalak aukera horri uko egin zion.

Barkalaren esanetan, Bilboko Udalak lanak bideratzeko aukera guztiak aztertu ditu eta "aukerarik onena" aldi baterako enpresa-elkarteak bere jarrera berriz pentsatzea eta lanak amaitzea zen, baina "ez da posible izan".

Obra zinegotziak zehaztu duenez, kontratuaren ebazpena aintzat hartuta, 866.000 euroko bermea konfiskatuko dio Udalak lanen ardura zuen enpresa-elkarteari.

Egindako lanak kitatu eta falta direnak berriz lizitatuko ditu Udalak, batez ere, indusketari dagozkionak. Datorren urte hasieran esleituko dute falta den zatia eta 2017. urtea amaitzerako Deustuko kanala irekita egotea espero du Udalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Itsasadarra Bilbao Bilboko azken albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak