Gizartea -
EHU
Bilboko Medikuntza Fakultatearen obrekin hasteko asmoa du Balluerkak
Basurtoko Ospitalaren ondoan Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria eraikitzeko asmoa duela iragarri du. Halaber, bere proiektuaren helburu nagusiak eta hartutako konpromisoak azaldu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Basurtoko Ospitalaren (Bilbo) ondoan Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria eraikitzeko asmoa duela iragarri du ostiral honetan Nekane Balluerka EHUko errektore izateko hautagaiak. Ildo horretatik, bere helburu nagusietako bat lan horiek hasteko finantzazioa lortzea dela esan du.
Gaur goizean Bilbon egin duen agerraldian, bere zerrenda osatzen duten taldekide guztiak aurkeztu ditu Balluerkak. Era berean, bere proiektuaren helburu nagusiak eta hartutako konpromisoak azaldu ditu errektore izateko hautagaiak.
“Fakultate berriaren obrekin hasteko gure esku dagoen guztia egingo dugu”, azaldu du. Gainera, graduondoko ikasketak bultzatzen; EHUko lantaldeari “ahalik eta egonkortasun gehien ematen”, eta ikerketa sustatzen saiatuko direla esan du.
Halaber, gradu eta graduondoko ikasketak euskaraz burutzeko eskaintza zabaltzeko asmoa du Balluerkak. Horretaz gain, EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileei protagonismo gehiago emateko eta kudeaketa gardenagoa egiteko konpromisoa hartu du errektore izateko hautagaiak.
“Unibertsitateak orain arte garatu dituen proiektuak onak izan dira”, gaineratu du Balluerkak. Ildo horretatik, errektore izateko prestatu duen proiektua “berria” dela esan du.
Momentuz, errektore izateko hautagai bakarra da Balluerka. Ildo horretatik, beste hautagai batzuekin ideiak eta proposamenak eztabaidatzea gustatuko litzaiokeela ziurtatu du, hautagai bakarra izanik “zailagoa” delako botoa mobilizatzea.
Balluerka Psikologian lizentziaduna da, eta Iñaki Goirizelaia ordezkatuko du karguan, bera hautatzen badute.