Gizartea -

Euriteak

Amaitu dira erreskate-lanak Frantzian: guztira 22 hildako izan dira

Lehentasunak orain hondakinak erretiratzea, argindarraren sarea eta ur-hornidura berrezartzea eta osasun zentroak irekitzea dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako agintariek amaitutzat eman dituzte herrialdearen hego-ekialdea astindu duen euriteen ondorioz asteartean abian jarritako erreskate-lanak. Guztira, 22 lagun hil dira uholdeetan.

Kalte larrienak Var departamenduan izan dira eta bertako prefekturak jakinarazi duenez, oraindik aurrera larrialdietarako zerbitzuak hondakinak erretiratzeko lanetan arituko dira. Erreskate-lanak amaituta, lehentasunak orain ondoko hauek dira: argindarraren sarea eta ur-hornidura sistema berrezartzea; eta osasun zentroak eta ikastetxeak berriro irekitzea. Gaur goizeko lehen orduan 22.883 etxebizitza argindarrik gabe zeuden eta Draguignan hirian eta Le Muy eta Les Arcs herrietan 15.000 lagunek telefono zerbitzurik gabe jarraitzen zuten.

Aipatu zonaldean, egun bat edo bi gehiago iraungo du ur-hornidura ezaren arazoak, prefekturak egindako iragarpenaren arabera. A8 autobidea, Kosta Urdina eta Marsella lotzen dituen bidea, berriro ireki dute eta Tolongo (Var departamenduko hiriburua) aireportuan ere egoera normaltasunera itzuli da. Tren-zerbitzua, berriz, etenda dago Tolon eta Niza artean, bi noranzkoetan. Horrez gain, 7,5 tona baino gehiagoko kamioiek debekatuta dute Draguignanen sartzea. Bestalde, 22 hildakoez gain, beste zenbait lagunek desagertuta jarraitzen dute. Bart euri asko egin badu ere, goizean eguzkia atera da Draguignanen. Aipatzekoa da joan den asteartean metro karratu bakoitzeko 300 litro euri bota zuela, bost hilabetetan egiten duen euria, hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea