Gizartea -
Zezenketak Donostian
Donostiak baimena eskatuko dio Madrili zezenketen galdeketa egiteko
Donostiako Udaleko osoko bilkurak hartu du erabakia, EAJren, PSE-EEren eta Irabaziren babesarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako Udaleko osoko bilkurak Espainiako Gobernuari baimena eskatzea erabaki du zezenketei buruzko galdeketa egin ahal izateko. Osoko bilkurak hartu du erabakia, EAJren, PSE-EEren eta Irabaziren babesarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. PPk, ostera, kontra bozkatu du.
Akordioaren arabera, zezenketei buruzko galdeketa egin beharko dute Donostian, eta honako galdera honi erantzun beharko diote donostiarrek: "Udalak zezenketak egitera udal-baliabideak edo instalazioak bideratzeari utzi diezaion nahi al duzu?"
Udalbatzaren gehiengoa Espainiako Gobernuari baimena eskatzearen alde agertu da, beti ere, Donostiak Udalak hiritarrek zezenketei buruz izan dezaketen iritzia jakiteko beste lege baliabideak erabiltzeari uko egiten ez badio. Azken hori EH Bilduk egindako eskaera izan da.
Eneko Goia Donostiako alkateak duela astebete iragarri zuen Ministro Kontseiluari galdeketa egiteko baimena eskatuko ziola, udalbatzak eskaera horri argi berdea ematen zionean.
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak bertan behera utzi zuen Donostian, otsailaren 19an eta Udalak deituta, zezenketen inguruan egitekoa zen galdeketa. Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak, Estatuko Abokatutzaren bidez, helegitea aurkeztu zuen deialdiaren aurka, eta epaitegiak onartu egin zuen, galdeketak "Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legea" errespetatzen ez duela argudiatuta.