Gizartea -

Sutea Nafarroan

Pertsona bat intoxikatu da kea arnasteagatik Zizurren

Bart izandako suteak kalte 'handiak' egin ditu etxebizitza batean. Eraikina hustu behar izan dute, badaezpada.

Sutea izan den etxebizitzaren logeletako bat. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Zizurko sutea. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Sutea izan den etxebizitzaren logeletako bat. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat intoxikatu da kea arnasteagatik Zizur udalerrian (Nafarroa), Ardoi urbanizazioko etxebizitza batean bart piztutako sutean. Eraikina hustu behar izan dute, baina ez da beste inor zauritu, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.

05:30 aldera jazo da sutea. Suhiltzaileak heldu direnerako, su hartu duen etxebizitzako bizilagun bakarra balkoian zegoen, barruan ke handia baitzegoen. Eskailera batekin atera dute bertatik, eta Nafarroako Ospitalera eraman dute, anbulantziaz.

Eraikineko gainerako bizilagunak etxetik atera dituzte, badaezpada. Ez da inor zauritu. Eraikina aireztatu ondoren itzuli ahal izan dira etxera denak, 07:45 aldera.

"Arin eta modu eraginkorrean aritu dira suhiltzaileak, eta garrak zabaltzea saihestu dute", nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.

Horren arabera, "suhiltzaileek hala eskatuta", Foruzaingoaren Polizia Judizialaren agenteak bertaratu dira sutea zerk eragin duen ikertzeko. Kalteak "handiak" dira su hartutako etxebizitzan, logela batean batez ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Suteak gaur Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Zer gertatu da Zizur herrian?