Gizartea -

'Marguello auzia'

Gurutzetako Ospitaleak kargutik kendu du Kalitate buru ohia 6 urtez

Gabriel Inclan Osasun sailburua zenean, zerbitzuak kontratatzerakoan antzeman dituzten irregulartasunak ikertzen dabiltza Eusko Legebiltzarra, Kontu Auzitegia eta Fiskaltza.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Marguello Kalitate buru ohia sei urtez kargutik kentzea erabaki du Gurutzetako Ospitaleak, Bizkaiko osasun zentroak ohar baten jakinarazi duenez. Bere postua erabiliz, "etekin bidegabea" lortu zuela egiaztatu dela uste dute.

Ebazpena Eusko Legebiltzarrera bidaliko dute, izan ere, Ganbara, Kontu Auzitegia eta Fiskaltza, Gabriel Inclan Osasun sailburua zenean, zerbitzuak kontratatzerakoan antzeman dituzten irregulartasunak ikertzen dabiltza.

Ikertzen dabiltzan kontratuen artean, Osasun Zerbitzuen Kudeaketa XXI enpresari emandakoak daude. Marguello enpresa horretako bazkidea zen.

Gurutzetako Ospitaleko gerenteak ekainaren 15ean sinatutako ebazpenaren arabera, Marguellok "bateraezintasunaren inguruko arauak hautsi zituen" hainbat enpresetan parte hartzeagatik, besteak beste, Medical Domen eta Osasun Zerbitzuen Kudeaketa XXIean.

Sektore publiko eta pribatuko jarduera horien baterazintasuna dela eta, Gurutzetako Ospitaleko zuzendaritzak aski egiaztatutzat jo du Marguellok "justifikatu eta baimenik eskatu gabe hainbatetan lanera joaten ez" zela, gutxienez, azken lau urtetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea