Gizartea -
San Fermin 2010
Sanferminetako peñen pankartak beltzak izango dira
Iruñeko Peñen Federazioa osatzen duten 16 elkarteek hartu dute erabakia batzarrean.
Erredakzioa
Protesta leloak izango dituzten pankarta beltzak erakutsiko dituzte Iruñeko Peñek Sanferminetan, Udalak duen jaiaren ikuspegiarekin bat ez datozelako. Peñen esanetan, Udalak ez ditu jai "partehartzaileak" nahi.
Iruñeko Peñen Federazioa osatzen duten 16 elkarteek hartu dute erabakia batzarrean. Peñek oihal beltzez egindako pankartak eramango dituzte Sanferminetan, "San Fermin partehartzailea", "San Fermin herrikoia nahi dugu", "Adierazpen askatasuna" eta "Peñen aurkako eraso gehiagorik ez" bezalako leloekin.
Leloak gazteleraz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez idatziko dituzte eta ohiko karikatura ironikoak ordezkatuko dituzte. Urtero hiriko gai politiko eta sozialak umorez kritikatzen dituzte peñek pankarten bidez.
Udalaren salaketa
Kritika horiek polemikoak izan dira batzutan eta iaz Iruñeko Udalak salaketa aurkeztu zuen epaitegietan. Bi pankartetan ustez ETArekin zerikusia duten bi lagun (kartzelan ziren) agertu ziren eta egileak auzitara eraman zituen Udalak.
Gertakarien berri izan ostean, Auzitegi Nazionalak eginbideak martxan jarri zituen eta pankarten egileak eta San Fermin eta Armonia Txantreana peñetako presidenteak auzipetu ditu, terrorismoa goraipatzea egotzita.
Protesta egiteko arrazoietako bat horixe izan dela esan dute peñetako bozeramaileek. Protesta "baketsua eta jai giroan" izango dela nabarmendu dute. Azken urteetan haserrea gero eta handiagoa izan dela azaldu dute peñetako bozermaileek.