Gizartea -
Saria
Nafarroako Urrezko Domina, Pedro Miguel Etxenike fisikariarentzat
Abenduaren 3an, Nafarroaren Eguneko ekitaldietan, emango diote saria.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Miguel Etxenike Landiribar fisikari ezagunak jasoko du 2017ko Nafarroako Urrezko Domina, foru gobernuak hala erabakita.
Nafarroako Gobernuak ematen duen sari handiena da Urrezko Domina. Aurrez, Viana Printzea Saria (1997) eta Asturias printzearen Ikerketa Saria (1998) jasotakoa da Etxenike.
Maria Solana foru gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, Erronkariko zientzialariak egindako lanaren "giza balioa, eta balio zientifiko eta intelektuala" aitortu nahi izan du exekutiboak, baita fisikaren alorrean egindako "ikerketak eta dibulgazioa". Horrez gain, Etxenikek "gizartearekiko beti adierazi duen konpromisoa" nabarmendu du Solanak.
Nafarroaren Gobernuaren ustez, "sari gehien jaso dituen zientzialari nafarra izateaz gain, era aberasgarrian landu ditu fisikako hainbat alor, eta ezin hobeto jakin du horiek gizarteratzen, argi utziz kultura eta gizartearekiko bere konpromisoa".
Dibulgaziorako bokazioa
Etxenikek fisika arloan, bereziki Materia Kondentsatuaren Fisikan, egindako ikerketa eta dibulgazio lanaren ''lekuko'' izan dira Mundu osoko ospe handiko erakunde zientifikoak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak, azpimarratu du foru-dekretuak.
Gobernuak, halaber, saritu nahi izan du ''dibulgatzaile gisa egiten duen lan bikaina'', eta bereziki ''kultura zientifikoaren ezagutzak eta baloreak gizartearen zabaltzeko lana''.
Urrezko Domina abenduaren 3an jasoko du Etxenikek, Nafarroako Egunaren harira antolatutako ekitaldien baitan.
Ibilbide luze eta oparoa
Pedro Miguel Etxenike Fisika Zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean (1972), eta karrera bukaera saria ere jaso zuen 1973an.
1976an lortu zuen Fisika arloko Philosophical Doctor (PhD titulua, Cambridgeko Unibertsitatean; era urtebete geroago Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ere eskuratu zuen doktore titulua. Han doktoretza sari berezia eman zioten.
1980tik 1983ra Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izan zen; eta 1983an eta 1984an, berriz, Hezkuntza eta Kultura sailburua eta Jaurlaritzako bozeramaile. Garai horretan, euskararen normalizazioa bultzatu zuen, eta EAEko Hezkuntza sistema martxan jarri zuen. Horrekin batera, zentro teknologikoa eta ikasketa beken internazionalizazioa sustatu zituen.
Ibilbide politiko bukatuta, Unibertsitateko ikasgeletara itzuli zen. Besteak beste, Euskaldun Unibertsala izendatu zuten 1998an
Egun CIC nanoGUNE ikerketa zentroko presidentea da, eta Euskampus fundazioko presidenteordea.