Gizartea -

Indarkeria matxista

Jendetza Leioan, neskato bati egindako sexu-erasoa gaitzesteko

Neskatoari sexu-erasoa egitea egotzita atxilotutako gaztea aske utzi du gaur epaileak.

Bilkura jendetsua egin dute Leioan, neskato bati egindako sexu-erasoa gaitzesteko. Argazkia: EITB
Bilkura jendetsua egin dute Leioan, neskato bati egindako sexu-erasoa gaitzesteko. Argazkia: EITB
Jendetza Leioan, adingabe bati egindako sexu-erasoa gaitzesteko

0:49

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka bizilagun bildu dira arratsalde honetan Leioako Bulebarrean, joan den asteartean adingabe baten aurka izandako sexu-erasoa gaitzesteko eta, oro har, indarkeria matxista salatzeko.

Erasoa Elexalde auzoan gertatu zen, astearte goizaldean, neskatoa festa batetik etxera zihoanean. Handik gutxira atxilotu zuten ustezko erasotzailea.

Elkarretaratzean Mari Carmen Urbieta alkatea, udaletxeko hautetsiak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta alderdi politikoetako ordezkariak izan dira.

Bost minutuko isilunea egin dute bilkuran, 'Berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontra' eta 'Nazkatuta gaude. Eraso sexistarik ez' lelopean.

Mugi Leioako Gazteak elkarteak agiri bat irakurri du gertatutakoaz “desengainatuta” eta “haserre” sentitzen direla  esateko eta horrelako erasoak egiten dituztenak errespetatuko ez dituztela ohartarazteko.

Elkarretaratzea amaituta, Izaskun Landaidak Emakunderen babesa eskaini die biktimari eta haren familiari, eta azpimarratu du emakumeen aurkako indarkeria “berdintasun faltaren adierazle basatiena” dela.

Segurtasun Sailaren arabera, sexu askatasunari lotutako delituak % 13ko beheraka izan dute. “Datu positiboa da hori, baina erasoak hor daude eta horrek erakusten du lanean jarraitu behar dugula”, erantsi du.

“Arazo larri honi aurre egiteko ezinbestekoa da gizartearen inplikazioa eta jarrera aktiboa”, nabarmendu du Landaidak. Ildo horretan, Leioak bizilagunek emandako erantzuna eta sexu-erasoaren kontrako mobilizatu izana goraipatu du.

Bestalde, Mari Carmen Urbieta alkateak erabat arbuiatu du erasoa eta biktimari eta haren familiari laguntzeko Udalaren bitarteko guztiak martxan jarri dituztela iragarri du.

“Une gogor honetan, familiak aholkuak behar ditu, hartu beharreko erabakiak eta neurriak hartzeko”, esan du Urbietak.

Ustezko erasotzailea, aske

Bitartean, neskatoari sexu-erasoa egitea egotzita atxilotutako gaztea aske utzi du gaur epaileak.

18 urteko gizona erasoa egin eta gutxira atxilotu zuen Ertzaintzak, asteartean.

Segurtasun Saileko iturrien arabera, erasoa 02:45ean inguruan gertatu zen, adingabea etxera bidean zihoanean, festa batean izan ostean.

Abisua jaso eta gero, Ertzaintza erasoaren lekura bertaratu zen eta, handik minutu gutxira, 03:30 aldera, ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuen, Leioan bertan. Gizonezko gaztea Getxoko Epaitegira eraman zuten eta gaur epaileak aske utzi du.

Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta han auzitegiko medikuak artatu zuen. Neskatoa etxean da jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Delituak argazkiak Gizartea Leioa argazkiak Eguneko albisteak Umeak albisteak