Gizartea -
Internet
Diputazioak eta Eudelek .eus Bizkaian erabiltzeko deia egin dute
Bi horiek .eus domeinua erabiltzen dute eta gauza bera egiteko eskatzen diete enpresa, erakunde eta abarrei. PuntuEus Fundazioaren bokazioa domeinua zabaltzen eta hazten jarraitzeko lan egitea da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Foru Aldundiak, Eudelek (Euskal Udalen Elkartea) eta PuntuEus Fundazioak .eus domeinua erabiltzeko dei egin diete Bizkaiko enpresei, erakundeei eta abarrei doimenuaren erabilera lurraldean indartzeko.
Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kulturako foru diputatuak eta Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendariak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Bilbon, eta .eus domeinua erabilgarri dagoenetik izan duen bilakaera azaldu dute.
Bilbaok esan duenez, bi urte horietan 6.000 enpresa, erakunde eta norbanakok bat egin dute .eus domeinuarekin, eta % 18ko hazkundea izan du 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan.
Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendariaren esanetan, domeinua % 27 hazi da Bizkaian, baina gaur-gaurkoz .eus domeinuaren pisua handiagoa da Gipuzkoan Bizkaian baino. Hala ere, gaurko deialdiaren ondoren domeinuaren erabilera indartzea espero duela esan du Kultura eta Euskarako foru diputatuak.
Bestalde, Lorea Bilbaoren hitzetan, Bizkaiko 1.707 enpresa, erakunde eta elkartek .eus domeinuan erregistratu dituzte beren webguneak. Bien bitartean, 43.000 enpresa, erakunde edo elkartek .com domeinua erabiltzen dute eta 23.000k, ostera, .es domeinua.