Gizartea -
ATENTATUAK
Bataclan aretoak gaur irekiko ditu ateak Stingen kontzertuarekin
Duela urtebete, azaroaren 13an, atentatu-olde batek Paris astindu zuen eta 130 pertsona hil eta 350 zauritu ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parisko Bataclan kontzertu aretoak gaur, azaroak 12, irekiko ditu berriro ateak, eta Sting musikaria igoko da oholtza gainera, musikariak berak aurreko astean iragarri zuenez. 2015eko azaroaren 13an, atentatu-olde batek Paris astindu zuen, eta aipaturiko kontzertu aretoan 90 pertsona hil ziren.
Stingen kontzerturako sarrerak asteartean jarri dituzte salgai, eta ordubete eskasean agortu dira. Sarrerekin lortutako dirua Life for Paris eta 13 Novembre: Fraternité Verité gobernuz kanpoko erakundeetara bideratuko dute.
Stingen esanetan, Bataclanen irekierarekin Parisko atentatuetan hil ziren pertsona guztiak gogoratu eta omentzeaz gain, bizitzari gorazarre egin eta musika goraipatu nahi dute.
Duela urtebete atentatu-olde batek Paris astindu zuen, eta 130 pertsona hil eta 350 zauritu ziren. Urteurrenarekin bat eginez, omenaldia egingo dute Bataclan aretoan, eta atentatuak izan ziren gauean bertan kontzertua ematen ari zen Eagles of Death Metal talde estatubatuarra ere arituko da areto horretan.