Gizartea -
Adingabeak galbideratzea
Torbe porno aktorea, aske 100.000 euroko fidantza ordaindu ostean
Apirilaren 28tik espetxean zegoen, adingabeen pornografia, emakumezkoen salerosketa eta diru-zuritzea egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Ignacio Allende Fernandez (Portugalete) zine pornoko aktore, zuzendari eta ekoizleari behin-behineko askatasuna eman diote eta Madrilgo Estremera kartzelatik atera da. Apirilaren 28tik zegoen bertan espetxeratuta, adingabeen pornografia, emakumezkoen salerosketa eta diru-zuritzea egotzita.
Kartzelako iturriek baieztatu dutenez, ustez adingabeak bideo pornoak grabatzera behartzeagatik ikertuta dagoen akusatuak ostiralean utzi zuen presondegia, 100.000 euroko fidantza ordaindu eta gero.
Torbe kartzelatik atera baino hilabete batzuk aurretik, auzia ikertzen ari den epaileak aske utzi zituen Torberen bazkide ukraniarra eta neskak lortzeaz arduratzen zen emakumea.
Ikerketaren arabera, Torbe bideoak grabatzeko azpiegitura prestatzeaz arduratzen zen. Ondoren, grabatutako bideoak Interneten zabaltzen ziren itxuraz Torbek kudeatzen zituen webgune pornografikoen bidez.
Ignacio Allende Fernandez apirilaren 25ean atxilotu zuten.