Gizartea -
2.591 eskari, 451 lanpostu
Irakasleen enplegu publikoaren eskaintzaren frogak hasi dira BECen
Frogak DBH eta Lanbide Heziketako irakasleentzako dira. Hezkuntza Sailak datozen hiru urteetan Maisu-Maistren Kidegoan beste 3.600 lanpostu gehiago deitzeko konpromezua hartu du.
Erredakzioa
Gaur, ekainak 19, hasi dira Enplegu Publikoaren Eskaintzaren probak, Bigarren Hezkuntzako irakasleen 320 lanpostu eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen 131 betetzeko, 94 HE1ekin eta HE2rekin gainontzekoak.
Halaber, Hezkuntza Sailak hartu du CCOO eta UGT sindikatuekin kidego horietan eta Maisu-Maistren Kidegoan datozen hiru urteetan beste 3.600 lanpostu gehiago (haietako 1.500 datorren ikasturterako) deitzeko konpromisoa, irakasleen behin-behinekotasuna gutxitzeko eta horrela ikastetxe publikoetako irakaskuntza-plantilaren egonkortasuna areagotzeko.
Enplegu publikoaren eskaintza honen aukeratze-prozedura lehiaketa-oposizio bat da. Txanda librearen eta elbarritasunarengatik erreserba-txandaren oposizio-faseak bi zatitan egituratutako proba bakarra izango du. Gai bat idatziz garatuko da lehenengoan eta programazio didaktiko bat aurkeztu, defenditu eta horren unitate didaktiko bat azalduko da bigarrenean. Trebetasun instrumentalak edo teknikoak sartzen dituzten espezialitateetan, bigarren zatiak ariketa praktiko bat ere sartuko du.
Larunbat honetan egingo da, hain zuzen, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centreko 3. pabilioian lehen proba, 09:00etatik aurrera LHko irakasle teknikoentzat eta 12:00etatik aurrera Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat. Bigarren proba ekainaren 22tik aurrera hasiko da, era deszentralizatuan.
Aldez aurretik, programazio didaktiko bat, gehienez ere 50 foliokoa, entregatu behar izan zuten joan den otsailean parte-hartzaileek, gutxienez 15 unitate didaktiko hartzen zituena. Ingelesa edo Frantsesa espezialitateetan hizkuntza horietan egin da programazioa eta kasu guztietan helburuak, edukiak, ebaluazio-irizpideak, metodologia eta gaitasunak eskuratzeko prozesuari egiten zaion ekarpena zehaztuko dira, baita hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleei eman beharreko arreta ere.
Gaur egingo den proban hautagaiek gai bat idatziz garatu beharko dute, proba egin baino apur bat lehenago zozketaz aterako diren lau edo bosten (espezialitatearen arabera) artean aukeratua.
Dagoeneko funtzionarioak diren eta goragoko talde bateko kidegoetako lanpostuetara sartu nahi duten irakasleek (Maisu-Maistren Kidegotik Bigarren Hezkuntzako Irakasleenera adibidez) ez dute proba hau egin behar. Kidegoaren eta espezialitatearen gai bat ahoz azaltzea izango da haientzat oposizio-fasea.
Lehiaketa-fasean prozesuan parte hartzen dutenek erakutsitako merezimenduak baloratuko dira, ondorengoak besteak beste: irakaskuntza-esperientzia, espediente akademikoa, beste titulazio batzuk, etengabeko prestakuntza-ikastaroak edo argitalpenak.
Informazio gehiago nahi izanez gero, hezkuntza.net orrira jo daiteke.