Gizartea -

Azaroaren 7ik 13ra

Necochea hiria, Argentinako diasporaren bilgune bertako Euskal Astean

Ekitaldi nagusiena azaroaren 12an egingo duten mintzodromoa izango da, Argentina eta Euskal Herria lotuko dituena.

Euskal Aste Nazionala Necochean (Argentina). Argazkia: Centro Vasco Necochea
Euskal Aste Nazionala Necochean (Argentina). Argazkia: Centro Vasco Necochea
Euskal Aste Nazionala Necochean (Argentina). Argazkia: Centro Vasco Necochea

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenetik hasita eta igande honetara bitartean (hots, azaroaren 7tik 13ra) Euskal Aste Nazionala ari da ospatzen Argentinan bizi den euskal diaspora. Oraingo honetan, Buenos Aires probintziako kostaldean dagoen Necochea hirian (Argentinako ekialdea) ari da anfitrioi lanak egiten.

1972tik aurrera urtero egiten den hitzordu honek euskal jatorria edota euskal kulturarekiko interesa duten milaka lagun biltzen ditu giro ezin hobean. Aurtengo topaketako egitarauan ekintza ugari biltzen diren aurrean, bada bat beste guztien gainetik nabarmentzen dena: Mintzodromoa.

Aurten lehendabizikoz, mintzodromo bat antolatu dute Euskal Astearen barruan, eta haiei babesa emateko beste bat antolatu dute Euskal Herrian; horrenbestez, Atlantikoaren bi aldeko euskaldun hiztunak sarearen bidez elkartuko ditu azaroaren 12an egingo den jarduera horrek. Bertakoa Zubietako (Gipuzkoa) Araeta jatetxean egingo dute, eta nahi duenak parte har dezake.

Horrez gain, honako hauek dira egun hauetan Necocheako Centro Basko Argentino Euzko Etxea euskal etxean egingo diren jarduerak:

Azaroaren 10ean, ostegunean, sagardotegi eguna ospatuko dute, eta sagardotegi batean aurki daitekeen ohiko menua dastatu izango dute bertaratuko direnek. Ostiralean, berriz, kanpotik datozen ordezkaritzei harrera egin eta beraiekin bazkaria egingo dute. Gure Esku Dago herri-ekimeneko Angel Oiarbidek proiektuko nondik norakoak azalduko ditu. Geroago Kalakan taldeak jardungo du.

Azaroaren 12ko (larunbata) hitzordu nagusiena mintzodromoarena izango den arren, euskal dantzen ikuskizunerako tartea ere egongo da, besteak beste, eta egunari Emon taldearen erromeriarekin emango zaio amaiera.

Biharamunean, igandean, euskal asteari adio esateko ordua izango da. Egunean zehar lore-eskaintza egingo zaio bertan dagoen Gernikako arbolaren kimuari, amaiera-bazkaria egingo da, eta ordezkaritzak agurtuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Latinoamerikako azken ordukoa Argentinako albisteak