Gizartea -
Hondakinen kudeaketa
Gipuzkoak Tuterara bidaliko du errefusaren zati bat datozen 3 urteetan
Errefusaren gainerako zatia Kantabriako Meruelo udalerriko eta Mutiloako zabortegietara eramango du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) aurreakordioa lortu du Nafarroako Erriberako Mankomunitatearekin Gipuzkoan bildutako errefusaren zati bat Tuterara eramateko datozen hiru urteetan. GHK iragarritako akordio horren arabera, Gipuzkoak urtean gehienez 75.000 tona eramango ditu Tuterako El Culebrete tratamendu zentrora.
Hondakinen Kontsortzioaren Asanbladak onespena eman beharko dio aurreakordioari. Tuterako zabortegiak Gipuzkoaren beharraren % 47 aseko du datozen hiru urteetan, hain zuzen ere, Zubietako hondakinen gunea (tartean, erraustegia) martxan jarri bitartean.
Tuterara bidalitako zaborra errefusaren edukiontzian bildutakoa izango da; zehazki, "Gipuzkoaren azpiegitura gabezia tarteko bertan tratatu ezin dena".
Gipuzkoak bere gain hartuko du zaborraren garraioa eta Erriberako Mankomunitatea arduratuko da errefusaren tratamenduaz eta hondakinen errekuperazioaz.
Nafarroara eramango denaz gain, Gipuzkoak gainerako errefusa Meruelo udalerriko (Kantabria) eta Mutiloako zabortegietara eramango du. Urte amaieran hasiko dira errefusa Mutiloako zabortegira eramaten. Gipuzkoak gehienez 100.000 tona zabor eramango du, datozen hiru urteetan, 24,4 milioi euroren truke.