Gizartea -

Protesta-martxa

Antimilitaristek Mungiako kuartela desagertzea eskatu dute

Lurzoru hori laborantzarako erabiltzea aldarrikatzen dute, 'kuartela bertan eraiki aurretik egiten zen legez'.

Protesta antimilitarista Mungian. Argazkia: EiTB
Protesta antimilitarista Mungian. Argazkia: EiTB
Protesta antimilitarista Mungian. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko hainbat talde antimilitaristak protesta-martxa bat egin dute larunbat honetan, Mungiako Soietxe kuartela desager dadila eskatzeko. Besteak beste, kuartelak okupatzen duen lurzorua "erabilera sozialetara" bidera dadila proposatu dute, "porruak ereitera", hain zuzen ere.

Honako kolektibo hauek parte hartu dute martxan: Ekologistak Martxan, Butroi Bizirik Transizioan, Berri Otxoak, Kakitzat, Ernai, Eguzki, Askapena, KEM-MOC, Komite Internazionalistak eta Baratzea Gatika.

Aipatu kolektibo horien arabera, "instalazio militarrek ez dute inongo ekarpenik egiten Uribe-Butroe eskualdeari, ezta Bizkaiari ere". Horrenbestez, Soietxe kuarteleko lurzorua laborantzarako erabiltzea aldarrikatzen dute, "kuartela bertan eraiki aurretik egiten zen legez".

Mungiako kuartelaren aurka martxaren hogeigarren urteurrenean adierazi dutenez, "kuartelaren benetako papera ez da gure segurtasuna defendatzea, baizik eta sistema neoliberal kapitalistaren interesak defendatzea, nahiz eta prekarietatera, txirotasunera eta gizarte bazterketara zigortzen gaituzten".

Zentzu horretan, "Soietxekoen pareko instalakuntzak mantentzeko diru publiko ugari xahutzen" dela salatu dute, "gastu sozialak murrizten diren bitartean".

Antzezpen baten bidez, herri bazkari bat antolatu dute porrusalda oinarri izanik; izan ere, esan dutenez, "porruak askoz osasuntsuagoak dira bala eta bonbak baino".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Mungia Gizartea Albisteak