Gizartea -
Garraio berezia
Megakamioiak bosgarren eguna du Etzegaraten, oraindik baimenen zain
Nafarroako Gobernuak ez du bukatu txosten teknikoa, eta, horrenbestez, konboia ezin da abiatu.
EITB.EUS
Asteartean Pasaiatik abiatu eta Zangozara heldu behar zen megakamioia Etzegaraten dago ostiraletik, Nafarroako errepideetatik ibiltzeko baimenen zain. Bosgarren eguna du gaurkoa.
Foruzaingoak eitb.eus-i jakinarazi dionez, ibilbidearekin lotutakoak antolatzen hasi dira, baina oraindik ez dituzte Herri Lanetako Zuzendaritzak bidali beharreko baimenak. Zuzendaritza honi dagokio txosten teknikoa egitea, eta horren faltan, megagarraioak ezin dio bideari berriro ekin.
Konboiak ostiral goizaldean egin zuen azken etapa, Ikaztegieta eta Etzegarate artekoa. Aparteko arazo barik egin zuen, eta hala, espero zena baino ia bi ordu lehenago iritsi zen Gipuzkoa eta Nafarroa artean dagoen gainera.
Nafarroako Gobernuak megagarraioa igarotzea ahalbidetuko duten izapideak jarraitzen du, foru erkidegotik zehar egin behar duen ibilbidean zehar "ahalik eta segurtasun handiena" bermatzeko.
Aipatu garraio berezia Japoniatik bidali duten haize-sorgailu erraldoi baten makineria-kaxa eramaten ari da. Alabaina, megakamioiaren ezohiko neurriek (94,81 metroko luzera, 6,5 metroko zabalera, 5,3 metroko altuera eta 514,4 tonako pisua) izugarri zailtzen dute pieza hori garraiatzeko lana. Ezinbestekoa da garraio bereziak igaroko dituen bideak aurretik aztertzea, ibilbiderik egokiena hautatzeko, eta hori guztia txosten tekniko batean jasotzea.
Nafarroako Garapen Ekonomikorako Lehendakariordetzako Herri Lanetako Zuzendaritzatik azaldu dutenaren arabera, bertako langileak "buru-belarri" dihardute, datozen egunetan txosten tekniko hori prest izan dezaten, eta, modu horretan, ahalik eta gutxien atzera dadin kamioiaren bidaia.