Gizartea -

Gertakaria Orion

Espetxera bidali dute 8 urteko ume bati sexu-abusuak egiteagatik

Noticias taldeak argitaratutako informazioaren arabera, atxilotutakoaren bikotekidearen 8 urteko alaba da biktima, eta amak salatu du gertatutakoa.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak kartzelaratu egin du Ertzaintzak Orion atxilotutako gizona, zortzi urteko ume bati (bikotekidearen alaba) sexu-erasoak egin izana leporatuta. Hirurak etxebizitza berean bizi ziren. Antza denez, haurraren amak jarri zuen salaketa Donostiako komisaldegi batean, alabak esandakoak ohartarazita.

Hala, Ertzaintzako zenbait agente familiak Orion duen etxebizitzara joan ziren ostegunean, susmagarria atxilotzera. Gaua komisarian igaro ostean, etxera eraman zuten agenteek ostera ere, amak salatutako gertakariaren frogak bilatzeko.

Polizia Zientifikoaren agenteek, etxeko gelak aztertzeaz gain, arrastoak hartu zituzten. Umearen ohe-estalkietan eta maindireetan semen-orbanak bilatzen aritu ziren.

Erregistroa amaituta, atxilotua Donostiako polizia-etxera eraman zuten. Larunbatean deklaratu eta gero, epaileak kartzelaratu egin du susmagarria. Ikerketa martxan dago oraindik, gertatutakoa argitzeko.

7 urteko ume batek eraso sexuala jasan izana salatu du Baionan

Bestalde, 7 urteko ume batek eraso sexuala jasan izana salatu du Baiona inguruan. Adingabekoak ustezko erasotzailea identifikatu zuen, eta badirudi bere inguruko norbait izan zela. Susmagarria atxilotu zuten arren, Poliziak aske utzi du deklaratu eta gero, justiziaren kontrolpean. Umeari azterketa medikua egin diote.

Ikerketa martxan dago, gertatutakoa argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Orio Gaurko azken orduko albistea