Gizartea -
Hiesari buruzko biltzarra
GIBa duten 5.400 pertsona artatzen ditu Osakidetzak
Donostiako biltzarraren inaugurazioan, hiesarena ez dela iraganeko arazoa, “egungoa baizik”, ohartarazi du Jon Darpon sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez, giza immunoeskasiaren birusa (GIB) duten pazienteen % 90ek jasotzen dituzte tratamendu antirretrobiralak Osakidetzan.
Hiesari buruzko biltzarra hasi da gaur Donostian, eta inaugurazio ekitaldian egin ditu adierazpen horiek Darponek.
"Hiesarena egungo arazoa da, ez iraganekoa", ohartarazi du. Ildo horretan, Osasun sailburuak gogoratu du Estatuan urtero 3.000 kasu baino gehiago antzematen dituztela eta, ondorioz, erne egoteko deia egin du, gaixotasun hori duten pertsonen biziraupena nabarmen hazi bada ere.
Osakidetzak giza immunoeskasiaren birusa duten 6.000 paziente artatzen ditu, eta horietako 5.400ek erretrobiralen kontrako tratamendua jasotzen dute.
Darponen esanetan, Osakidetzak jarraitu egingo du egun hiesari aurre egiteko indarrean dituen programak aplikatzen.
Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren plan horien artean, hauek aipatu ditu: nerabeekin ikastetxeetan egiten dituztenak, botikarien elkargoekin batera egiten ari direnak (GIBa antzemateko test azkarrak, esaterako), xiringak trukatzeko programak, espetxeetan egiten dituzten kanpainak, drogak kontsumitzen dituzten pertsonei zuzendutakoak eta gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean egindakoak.
Hiesaren kontrako borrokak emandako urratsak “nabarmenak” direla esan du, baina erronka berriak azaldu direla erantsi du; izan ere, “lehen, GIBa zuen pazienteak bizirik irautea zen lehentasuna, eta orain GIBa duen pertsonak zahartzarora heltzen dira eta adin horretako lagunek dituzten arazoak izaten dituzte, bihotzeko gaitzak edo diabetesa, esaterako, eta gaixotasun horrek kontuan hartuta artatu behar ditugu”.
Bestalde, hiesaren kontrako elkarteek, Donostiako Udalak babestuta, bilkura egingo dute ostegunean Gipuzkoako hiriburuan, Hiesaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta.