Gizartea -

Gabonak

Milioi bat argik baino gehiagok argiztatuko dute Bilbo, Gabonetan

Berritasun modura, aurten, Olentzeroren 14 irudi handi jarriko dituzte hiriko hainbat gunetan. Gainera, kaleak musikaz eta animazioz beteta egongo dira.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan, udaletxeko eraikin nagusitik bertatik, Gabonei hasiera eman zaie Bilbon, argiak piztearekin batera. Gaurtik aurrera, azken teknologiako 1.200.000tik gora LED argik hiriko kaleak eta plazak girotu eta apaindu egingo dituzte, baita merkatarien erakunde eta elkarteak ere. Horretarako, dekorazio bereziak jarriko dituzte, herritarrek euren auzotik bertatik gozatu ditzaten.

Argi guztiak udaletxetik bertatik aldi berean piztean, Bilbon urtarrilaren 6ra arte iraungo duten hainbat eta hainbat jarduera jarriko dira abian. Aurten lehen aldiz, Bilboko Udalak batera aurkeztuko du plana, eta, bertan, asmo handiko egitaraua eskainiko dute, 200 ekimen garatuko baitira, gutxi gorabehera; esate baterako, kontzertuak, erakusketak, musika-ekitaldiak, antzezlanak, azokak, kaleko animazioa, irristatzeko pista, umeentzako jarduerak... eta, nola ez, Olentzeroren ohiko kalejira eta Errege Magoen kabalgata ere.

Olentzero biderkatu egingo da

Zenbait berritasun aurreikusi dira Bilboko 2016ko Gabonetarako, merkataritzako jarduera eta auzoetako bizimodua sustatu ahal izateko, batez ere. Haien artean, zenbait gunetan Olentzeroren 14 irudi handi jarriko direla nabarmendu beharra dago. Ekimenak dendei egin nahi die keinua, saltoki eta dendetako erosketak suspertzeko eta tokiko merkataritzaren balio bereizgarria nabarmentzeko, merkataritzaren ikuspegitik onenetakoa den garaian.

Horretarako, abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra, Bilboko Udalak Olentzeroren hamalau irudi jarriko ditu hiriko hamabi gunetan, “Ezagunen batekin topo egingo duzu Bilboko dendetan” lelopean.

Irudiek zakua eramango dute, eta neska-mutilek euren eskaerak zein gurariak sartu ahal izango dituzte bertan. Olentzero horiek gune hauetako leku ikusgarrietan jarriko dira: Bilboko erdialdea (Abando eta Indautxu), Alde Zaharra, Uribarri, Deustua, San Inazio, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Basurto, Zorrotza, Errekalde eta Bilbo Zaharra.

Dantza eta kaleko animazioa

Bilboko kaleak musikaz eta animazioz beteko dira abenduaren 9ko eta 10eko asteburuan, herritarrak kalera irten daitezen, jai-giroaz gozatu dezaten eta euren Gabonetako erosketak bertako dendetan egin ditzaten. Guztira, hamalau karpa jarriko dira hemen: Uribarri, Deustua, San Inazio, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Basurto, Zorrotza, Errekalde, eta Bilbo Zaharra. Bertan, hain zuzen ere, hogeita sei kontzertu eskainiko dira abenduaren 9ko arratsaldean eta abenduaren 10eko goizean (larunbata). Honako musika-talde hauek parte hartuko dute bertan: Lowe, Undercovers, Mike Hammer & taxi drivers, Baster, The Idems, Mad Candys, Petit Comité, Pusherman, Peri, Los Jaimones, The Blues morning singers, La Mara, Still Covers, Jazz at Five, Lions Hearts eta High Felicity.

Ostalaritzako ordutegiaren luzapena

Udalak ostalaritzako lokalak ixteko ordutegia bi ordutan luzatzea erabaki du, hain egun bereziak izanik.

Hartara, ordutegia ostalaritzako lokal guztietan luzatuko da egun hauetan, "eguneko" establezimenduetan (beste ordutegi bat dutelako) eta terrazetan izan ezik:

- Sortzez Garbiaren Zubian, abenduaren 2tik 10era.

- Gabonetan, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Gabonak bideoak