Gizartea -
Istripua Bartzelonan
12 pertsona hil dira tren batek harrapatuta Castelldefelsen
- 14 pertsona zauritu egin dira, horietako hiru oso larri.
- Biktimak behar ez den leku batetik zeharkatzen ari ziren trenbidea, eta une horretan tren bat etorri eta harrapatu egin ditu.
Erredakzioa
Gutxienez 12 pertsona hil egin dira bart Castelldefelsen (Bartzelona), gehienak gazteak, tren batetik jaitsi ondoren beste batek harrapatuta.
Halaber, gutxienez 14 pertsona zauritu dira, eta horietako hiru oso larri daude. Lau, baina, ospitaletik atera dira jada.
45 urteko emakumezko bat izan ezik, gainerako zaurituak 16 eta 26 urte artekoak dira. Gorpuen identifikazioa bihar arte luzatuko da. Biktimen lagunak eta senideak Frederic Mompou zentrora heltzen hasi dira.
Freddy Arellana Ekuadrorreko kontsulak adierazi duenez, istripuan hildako edo desagertutako bost lagun ekuadortarrak izan daitezke.
Arellanak ezbehar honen ondorioz desagertutako senideak dituzten familiekin hitz egin du eta "jur jota" daudela jakinarazi du.
Lekukoak aipatuta EFE agentziak informatu duenez, trenbidea behar ez den leku batetik zeharkatzen ari ziren tren batek harrapatu dituenean. Biktimak Bartzelona-Vilanova i la Geltru trenean iritsi dira Castelldefelsera, eta San Joan gaueko ospakizunetara joan asmo zuten. Geltokian bertan jazo da ezbeharra.
Aipatu iturrien arabera, trenbidea behar den lekutik zeharkatu beharrean, beste batetik egin dute, eta une horretan Valentzia-Bartzelona bidea egiten ari zen trena etorri eta harrapatu egin ditu. Bigarren trena abiadura handian zihoan, gainera, Castelldefelsen ez baitu geltokia.
Kataluniako Auzitegi nagusiak adierazi duenez, trenaren kotxa beltza Gavako auzitegiaren dago.
Biktimak harrapatu dituen trenaren gidariak 0,0 eman du alkoholemia proban, eta shock egoeran dago.
Lur azpiko pasagunearen egoera
Joan Saurak berak eta Joan Sau Castelldefelseko alkateak azaldu dutenez, geltokiak bi pasagune ditu oinezkoentzat: Lur azpiko bat eta trenbide gaineko beste bat. Azken hori, baina, itxita zegoen obrak direla eta, baina ondo seinalatuta zegoela ziurtatu dute.
Lekuko baten hitzetan, biktimak zihoazen trena geltokira heltzean, gazteak lur azpiko pasagunera joan ziren hasiera batean, "baina oso estua da eta berehala bete zen". "Orduan jende asko trenbideetara joan zen", gaineratu du.
SER irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Jose Montilla Kataluniako Gobernuko presidenteak adierazi du "ikertu" egin beharko dutela hori, hau da, "lur azpiko pasagunea aztertu eta kolapsatu ote zen egiaztatu". Nolanahi ere, zuhurtzia premiazkoa dela eta, bizitza arriskuan jarri baino lehen, "minutu batzuk itxarotea" hobe dela gogorarazi du.
Alkateak ziurtatu du geltokiak bete egiten dituela pasaguneen segurtasun neurri guztiak.
"Zuhurtziagabekeria"
Castelldefelseko Udalak dolu-mozioa ezartzea erabaki du aho batez. "Jai bat izan behar zena goibeltasun eta min eguna bihurtu da", adierazi du Udalak.
Bere aldetik, Jose Blanco Sustapen ministroak esan du badirudiela biktimen "zuhurtziagabekeria"ren ondorioz jazo dela istripua, eta gertatutakoa ikertzea agindu du.
Blancok aurreratu du Gobernuak "gardentasun osoz" emango dituela ikerketaren ondorioak.
Ministroaren hitzetan, geltokia erreformatu berri zuten. "Tunel bat eraiki zuten segurtasuna hobetzeko, eta ondo seinalatuta zegoen debekatuta dagoela trenbide gainetik pasatzea", nabarmendu du.
Dolu egun ofiziala Katalunian
Jose Montilla Generalitateko presidenteak dolu egun ofiziala deitu du gaurko Katalunian, tren istripua dela eta.
Montilla Castelldefelsera joan da gaur goizean, Marina Geli eta Joan Saura Osasun eta Barne kontseilariekin batera, gertatutakoa gertutik ezagutzeko eta biktimen senideei elkartasuna adierazteko. Bestalde, Babes Zibila biktimen senideak artatzen ari da Frederic Mompou zentroan.
Tren istripu hau 2003tik Espainian jazotako larriena izan da. Urte hartan, 19 pertsona hil ziren Chinchillan (Albacete), Talgo batek eta merkantzia-tren batek elkar jota.