Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bortxatzaileak 'harrapatzeko' kondoiaren polemika
Kondoi berezi honek ertz zorrotzak ditu, emakumearen baginan sartzen da eta erasotzailearen zakila harrapatzen du. Hegoafrikako Munduko Futbol Txapelketan 30.000 unitate banatuko dituzte.
G.P.
Bortxatzaileak ''harrapatzeko'' kondoiaren (ofizialki Rape-aXe du izena) 30.000 unitate doan banatuko dituzte Hegoafrikan, egunotan Munduko Futbol Txapelketa jokatzen dela aprobetxatuta.
Hegoafrika sexu-eraso gehien erregistratu dituen herrialdea da: 54.900. Sonnet Ehlers doktoreak bortxatuak izan diren hainbat emakume artatu ditu Hegoafrikan eta bera da Rape-aXe kondoiaren sortzailea.
Kondoi berezi hau plastikozkoa da, baina ertz zorrotzak ditu; emakumeak baginan sartu beharko luke, tanpoi bat izango balitza bezala, eta erasotzailearen zakila harrapatuta geratuko litzateke, kondoia emakumearengandik bereizita.
Ehlers doktorearen arabera, kondoi honek ez dio emakumeari minik eragiten. Alabaina, erasotzaileak zakilean zauriak pairatuko lituzke, aipatu ertz zorrotzen ondorioz.
Zakilei ''haginka'' egiteko kondoi honek ikusmina sortu du eta haren berri eman zenetik polemika ere ekarri du.
Sexu-erasoen tratamenduan adituak diren askok kritikatu dutenez, dispositibo hori ez da guztiz eraginkorra, biktimak erasotzaileari aurre egin behar diolako eta koitoa ekiditen ez duelako.
Gainera, erasotzailea harrapatuta geratzeko arriskua dagoela eta, ondorioz, gizonezkoa bortizkeria gehiagoz aritzeko eta emakumea hiltzeraino hel daitekeela ohartarazi dute.
Azkenik, beste aditu batzuek uste dute emakumeek erabilera okerra eman diezaieketela kondoi horiei eta gizonezkoen aurkako mendeku sistema bezala baliatu dezaketela.