Gizartea -
Azken hamarkadetako handiena
Euri denboraleak bi hildako eta uholde handiak utzi ditu Malagan
Andaluziako 112 Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak 1.117 abisu jaso ditu azken egunotan; horietatik, 805 Malagatik eta 218 Cadiztik.
agentziak | erredakzioa
Andaluzia astindu duen euri eta haize denboraleak bi hildako eragin ditu; Esteponako emakume bat eta La Linea de la Concepcion hiriko gizon bat. Era berean, urak errepideak, kaleak eta eraikinak hartu ditu, eta, hortaz, pertsona askok behar izan dute larrialdi zerbitzuen laguntza.
Euriteek probintziaren mendebaldea zigortu dute gehien. Aemeten esanetan, metro koadroko 215,8 litro ur bota ditu Esteponan, 206,2 Marbellan, 182,6 Manilvan, 164 Benahavisen eta 135,6 Coinen, Efek egiaztatutako datuek diotenez.
26 urteko emakume baten hilotza berreskuratu dute suhiltzaileek Esteponako prostituta-klub batean. Lehen zantzuen arabera, itota hil da, urez betetako gune batean baitzegoen.
Biktimaren lagun batek Eferi azaldu dio hildakoak telefonoz abisatu ziola, ura lokalean sartu zenean, eta, hori dela eta, berak (lagunak) barra gainean igotzea ohartarazi ziola.
Gainera, beste gizon bat hil da bart La Linea de la Concepcionen (Cadiz), gidatzen ari zen autoa urak eramanda.
Orotara, Andaluziako 112 Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak 1.117 abisu jaso ditu azken egunotan; horietatik, 805 Malagatik eta 218 Cadiztik.
Gobernuak laguntzak emango ditu
Gobernuak ostiralean laguntzak onartuko ditu Ministroen Kontseiluan, Malagan eta Cadizen denboraleagatik kalteak izan dituzten lekuentzat. Dagoeneko hasi dituzte garbiketa lanak, baita kalteen kalkuluak egiten ere, Susana Diaz Andaluziako presidenteak iragarri duenez.
Euri denboralearen ondorioz, larunbatetik metro karratuko 300 litro baino gehiago izan dira zenbait lekutan.