Gizartea -
Foruzaingoa
Bi gazte salatu dituzte Nafarroan legez kanpoko lasterketa egiteagatik
Isu mendatean atzeman zituzten igandean. Gidarietako batek ez zuen asegururik.
Agentziak | Erredakzioa
Zangozako polizia-etxeko foruzainek bi gizonezko salatu dituzte NA-2161 errepidean, Isu mendatean (Usun, Nafarroa), legez kanpoko lasterketa batean parte hartzeagatik.
Herritar batzuek emandako abisuari esker, bi gazteak igandean atzeman zituzten agenteek lasterketa egiten. Foruzaingoak astelehen honetan jakinarazi duenez, lekuko batzuek Foruzaingoari deitu zioten, lasterketa non eta zein ibilgailu (BMW eta Volkswagen markako bi auto) egiten ari ziren jakinarazteko.
Agenteek eurek ikusi ahal izan zutenez, bihurguneak "arrisku handiz" hartu zituzten bi gidariek. Horren aurrean, handik gutxira geldiarazi eta salatu zituzten.
Arau-hauste oso larria egotzi diete Atarrabiako eta Iruñeko 24 eta 25 urteko bi gidariei (gizonezkoak dira biak). 500 euroko isuna eta gidabaimeneko sei puntu kentzea ekar lieke. Gidarietako batek, gainera, ez zuen asegururik, eta horregatik ere jarri diote isuna.
Joan den astean, bi pertsona zauritu ziren Tajonar industrialdean, legez kanpoko lasterketa batean antza.