Gizartea -
Legez kanpo
Armak internet bidez saltzeko armategi bat aurkitu dute Bizkaian
Guardia Zibilak 124 arma eta 14.100 kartutxo atzeman ditu. Arma gehienak pistolak, fusilak, errebolberrak eta eskopetak dira.
Agentziak | Erredakzioa
Internet bidez suzko armak saltzen zituen talde bat desegin du Guardia Zibilak. Vulpes III operazioan, 30 pertsona atxilotu eta hainbat arma atzeman ditu Espainian. Bizkaian, arma horiek internet bidez saltzeko legez kanpoko armategi bat aurkitu dute guardia zibilek.
Guztira 124 arma eta 14.100 kartutxo atzeman dituzte agenteek, Guardia Zibilak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Aurkitu dituzten arma gehienak (117) pistolak, fusilak, errebolberrak eta eskopetak dira.
Bizkaian eta Albaceten aurkitu dituzten legez kanpoko armategietan, armak trukatu eta munizioa ekoizten zuten atxilotuek. Ondoren, suzko arma horiek internet bidez saltzen zituzten.
Poliziak apirilean jarri zuen martxan operazioa. Orduan, 23 pistola eta 450 kartutxo atzeman zituen erakunde armatuak. Halaber, pertsona bat atxilotu zuten Albaceten, armak eta detonagailuak Europako Ekialdeko herrialdeetan eskuratzea leporatuta.
Poliziaren arabera, gizonak suzko armak egiteko tailerra eta legez kanpo erositako armak trukatzeko makinak eta erremintak zituen etxean. Gainera, jaurtigailuak berak ekoizten zituen, garajean. Ondoren, internet bidez saltzen zituen.
Guardia Zibilak armak, munizioa eta lehergailuak baimenik gabe izatea leporatzen die atxilotuei. Gainera, talde hori ezkutuan aritzen zen beti. Guardia Zibilak jakinarazi duenez, Sevillan atxilotutako kide batek zazpi pistola zituen etxean ezkutatuta.
Halaber, Bizkaian egindako beste miaketa batean, Guardia Zibilak legez kanpoko beste armategi bat aurkitu zuen. Atxilotuak suzko armak manipulatu eta munizioa ekoizten zuen garajean, legez kanpo.
Agenteek armak trukatzeko erremintak eta munizioa eta dokumentazioa faltsutzeko makinariak aurkitu dituzte miaketetan.
Guardia Zibilak nabarmendu duenez, Vulpes III operazioari esker atzeman dituzten arma guztiak merkatu beltzean sartzea saihestu dute. Ildo horretatik, herritarren segurtasunari begira horrek ondorio larriak izango lukeela gaineratu du.