Gizartea -
Eustat
14 biztanleetatik bat kanpotarra da EAEn
Atzerritar gehienak (% 36) Boliviakoak, Kolonbiakoak, Nikaraguakoak eta Paraguaikoak dira. Halaber, % 26,9 europarrak dira, gehienak errumaniarrak eta portugaldarrak.
agentziak | erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 149.348 atzerritar bizi ziren 2016ko urtarrilaren 1ean, hau da, biztanleriaren % 6,9. Atzerriko biztanleen artean, % 36 amerikarrak dira -Espainian % 23 pasatxo-, eta talde honetako biztanle gehienak Boliviakoak, Kolonbiakoak, Nikaraguakoak eta Paraguaikoak dira.
Halaber, EAEn bizi diren europarrak atzerritarren % 26,9 dira. Talde honetan errumaniarrak nabarmentzen dira, atzerritar guztien % 12 eta europarren % 44,1 izanik. Ondoren, errumaniarrengandik distantzia handira bada ere, portugaldarrak daude, EAEn bizi diren europarren % 17 baitira.
Afrikarren proportzioa % 28 da EAEn, eta ia erdiak (% 49) marokoarrak dira. EAEn dagoen bigarren nazionalitate afrikar garrantzitsuena aljeriarra da, % 14,2ra helduz. Atzerritarren artean, ondoren, txinatar eta pakistandarrak agertzen dira (% 7), eta ia asiar bakarrak dira, asiar guztien % 79 baitira.
Hiru lurraldeak aintzat harturik, nazionalitateen banaketa, kontinenteen arabera, askotarikoa da. Araban afrikarrak dira nagusi, eta Bizkaian amerikarrak; bi kasuetan % 40ren gainetik daude. Gipuzkoan europarren eta amerikarren proportzioak antzekoak dira, amerikarrena handiagoa den arren.
Bizkaian boliviarrak eta kolonbiarrak herrialde amerikarretako nazionalitate duten herritarren % 39,5 dira, eta Gipuzkoan banaketa askotarikoagoa da. Araban nazionalitate amerikarra dutenak ez dira % 27ra iristen, eta horietatik laurden pasa kolonbiarrak dira.
Gipuzkoan frantses asko dagoenez, europarrak gehiago dira lurralde horretan besteetan baino. Errumaniarren proportzio handiena Bizkaian dago (europarren % 57 baino gehiago), eta Araban eta Gipuzkoan nabarmen txikiagoa da, % 29,5 eta % 33,9, hurrenez hurren.
Gipuzkoak du afrikarren proportzio txikiena hiru lurraldeen artean, eta haietako % 58 marokoarrak dira. Araban eta Bizkaian ere marokoarrak gehiengo dira afrikarren artean, % 47 eta % 44,3 hurrenez hurren. Bizkaian eta Gipuzkoan hurrengo nazionalitate garrantzitsuenak aljeriarrak eta senegaldarrak dira; Araban, berriz, hirugarren nazionalitate garrantzitsuena nigeriarra da.
Txinatarrak asiarren % 59,9 dira Bizkaian, eta pakistandarrak, berriz, % 19. Gipuzkoan eta Araban pakistandarrak dira gehiengoa, batez ere, Araban, bertan bizi diren asiarren % 60,3 baitira.