Gizartea -
Nafarroa
Iruzur egiten ari dira Iruñean, auto-istripu baten itxurak eginez
Foruzaingoaren arabera, 'egileak herritartasun espainiarra du, 30-35 urte ditu, 1,70 zentimetro luze da, gaztaina-koloreko ilea du eta janzkera arrunta'.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Foruzaingoak ohartarazi duenez, Iruñean eta hiri-inguruan iruzur egiten ari dira azken egunotan, auto-istripu baten itxurak eginda. “Egileak herritartasun espainiarra du, 30 eta 35 urte artean ditu, 1,70 metro luze da, gaztaina-koloreko ilea du eta jantzi arruntak daramatza”, adierazi dute foruzainek ohar batean.
Lehenik eta behin, biktima heldu bat hautatzen du, eta ondoren, istripu txiki baten itxurak egiten ditu, autoa biktimaren ibilgailuaren aurrean jarrita. Hala, gelditzera behartzen du.
Ondoren, iruzurra jasaten ari den pertsonaren autoa kaltetzeko maniobra txiki bat egin ostean, jarraitu egiten dio. Gelditzen direnean, abokatu gisa aurkezten dio bere burua eta kalteak leporatzen dizkio. Presa duela eta, lagunarteko partea betetzeko astirik ez duela esanda, telefonoz aseguru-etxeari deitu eta kalteen aurrekontua lortuko duela adierazten dio.
Orduan, polizak frankizia bat duela baieztatzen dio gaizkideak berak telefonoz biktimari. Hortaz, istripuaren tokian bertan ordain dezala aholkatzen dio, tramiteak lehenbailehen amaitzeko.
Hori guztia azalduta, istripu bat izatekotan, ardurei edo diru-kopuruei buruzko eztabaidarik ez abiatzea gomendatu dute foruzainek. Halaber, edozein susmo edukiz gero, Poliziari deitzeko eskatu dute 112 telefono-zenbakiaren bidez.