Gizartea -

Donostia

GuraSOSek hondakinak kudeatzeko akordioa aldarrikatu du

Elkartearen arduradunen arabera, elkarrizketa-bidea abiatuz gero, bertan behera utziko dute epaitegietan abiatutako prozedura.

GuraSOSek hondakinak kudeatzeko akordioa eskatu du Donostian. EiTB
GuraSOSek hondakinak kudeatzeko akordioa eskatu du Donostian. EiTB
GuraSOSek hondakinak kudeatzeko akordioa eskatu du Donostian. EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

GuraSOS erraustegiaren aurkako gurasoen elkarteak hondakinak kudeatzeko akordioa aldarrikatu du larunbat arratsaldean Donostiako Gipuzkoa Plazan egindako ekitaldian. Batetik, arduradunen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiari haiekin bildu ez izana leporatzeko bildu dira; bestetik, azaroan aurkeztutako ibilbide-orria gizarteratzeko kanpaina arrakasta handia izaten ari dela azpimarratu dute. Era berean, elkarrizketa-bidea abiatuz gero, epaitegietan hasitako prozedura bertan behera utziko dutela esan dute.

Horrez gain, "Gipuzkoako Foru Aldundiari gogorarazi nahi diogu herritarrei entzun behar diela. Ikus gaitzaten etorri gara hona, baita gure kezkak eta eskariak kontuan har ditzaten".

GuraSOSek Gipuzkoako hondakinen kudeaketari irtenbidea emateko ibilbide-orria aurkeztu zuen joan den azaroaren 17an. Eragile sozial eta politikoez gain, hiritarren parte hartzea aurreikusi zuten proposamen horretan. Hala, hainbat bilera antolatu dituzte abenduaren amaierara arte, ibilbide-orria garatzeko babesa lortzeko xedez.

Dagoeneko bildu dira edo batzarrak hitzartu dituzte honako eragile hauekin: EAJ, EH Bildu, Podemos, CCOO eta STEILAS. Halaber, PSE-EE, PP, ELA eta LABekin hitz egiteko asmoa dute, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariekin ere. Bestalde, herrietan ere lanean ari da plataforma, eta babesa biltzen ari da hainbat hezkuntza-erakundetan eta beste zenbait elkartetan. GuraSOS uztailaren 6ean eta abenduaren 2an saiatu da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egiten, baina ez dute hitzordurik izan.

Datorren abenduaren 27an Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak batzarra egingo du erraustegiaren kontratua lizitatzeko: "Gure seme-alabekin dugun ardura kontuan izanik, lizitazioa bertan behera uztea eskatu diegu epaitegiei". Abenduaren 27a baino lehen elkarrizketa abiatuz gero, "epaitegietako prozedura baztertuko dugu, akordioaren bidea lehenesten dugulako", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Albisteak