Gizartea -

Konstituzio Plaza

Danborradako balkoien zozketan izena emateko epea ireki dute

Interesa duten donostiarrek Udalinfo-n eta Udalaren web atarian eman behar dute izena urtarrilaren 6a baino lehen. Zozketa urtarrilaren 9an egingo dute, Udalbatza Aretoan.

2016ko Donostiako tanborradaren irudia. EiTB
2016ko Donostiako tanborradaren irudia
2016ko Donostiako tanborradaren irudia. EiTB

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Sebastian egunean, Konstituzio Plazako udal eraikinaren lehen solairuko balkoiak irekiko dira, 50 donostiarrek (25 donostiar egun bakoitzeko, eta bakoitzak lagun bat gonbidatu ahal izango du) banderaren igoera eta jaitsiera bertatik ikusi ahal izateko. Astelehen honetan ireki dute zozketan izena emateko epea, Donostiako Udalak ohar batean jakitera eman duenez.

Aurreko urteetan egin den bezala, 50 donostiar horiek (hain zuzen ere, bi ekitaldi horiek beste lagun batekin bertatik ikusteko aukera izango duten donostiar horiek) zozketa publiko baten bidez hautatuko dituzte. Zozketa urtarrilaren 9an egingo da, Udalbatza Aretoan. Bertan parte hartzeko epea astelehen honetan ireki da. Interesa duten donostiarrek izena eman ahalko dute Udalinfo-n (bai bulegoetan bai 010 telefono-zenbakian) eta Donostiako Udalaren web atarian (www.donostia.eus) urtarrilaren 6a baino lehen.

Zozketan parte hartzeko baldintzak bi dira: adinez nagusi izatea eta Donostian erroldatuta egotea. Gainera, sarituek ezingo dute igoera edo jaitsiera aukeratu; zozketan ateratzen diren lehendabiziko 25 zenbakiek banderaren igoera ikusiko dute (bakoitzak 16 urtetik gorako lagun bat gonbidatu ahalko du), eta gainerakoek, banderaren jaitsiera.

Haur danborrada

Era berean, 18 donostiarrek (bakoitzak lagun bat gonbidatu ahalko du, eta kasu honetan ez dago gutxieneko adinik) urtarrilaren 20ko haur danborrada Udalaren balkoitik ikusi ahalko dute. Baldintzak (adinez nagusia izatea eta Donostian erroldatuta egotea) eta zozketan parte hartzeko izena emateko epea (abenduaren 19tik urtarrilaren 6ra arte) banderaren igoera eta jaitsiera ikusteko zozketarako jarritako berdinak dira, eta zozketa ere egun berean egingo da (urtarrilaren 9an, Udalbatza Aretoan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Danborrada 2024 Donostia argazkiak