Gizartea -

Neskato bati erasoa, Andoainen

'Ustezko erasotzailea nire alabaren lagun taldean ibiltzen da'

Biktimaren aitaren esanetan, Maider "gehiego fidatu egin zen" mutil horrekin. Etxerako bidean, neskatoaren atzetik ibili zela ikusi zuten zenbait lekukok.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean Andoainen 18 urteko neskato bati jipoia eman zion mutila Maiderren "lagun taldearekin ibiltzen" zela adierazi du gaur biktimaren aitak, Victorrek, ETB-2ko ''Euskadi Directo'' saioari eskainitako elkarrizketan. "Lagunak ziren, Lasartetik zetorren bakoitzean nire alabaren koadrilarekin ibiltzen zen", azpimarratu du.

Aitak azaldu duenez, ustezko erasotzailea ijitoa da. "Nire ustez, mutil horrekin gehiegi fidatu egin zen". Antza, mutila "Maiderren atzetik" ibili zela ikusi zuten zenbait lekukok.

Elkarrizketan zehar, ustezko erasotzaileak 18 urte baino gehiago dauzkala esan du Victorrek, nahiz eta poliziak adingabea dela esan. Erasoa izan eta ordu batzuk beranduago, aitak neskatoa deitu egin zuen, erosketa batzuk egiteko. Maider ezezik, poliziak erantzun zuen neskatoaren mugikorra. "Konorterik gabe, belar batzuetan aurkitu zutela azaldu zidaten". Antza, auzotar batek aurkitu zuen neskatoa.

Ustezko erasotzailea Lasarten bizi dela azpimarratu du aitak, nahiz eta mutilaren amonak Andoainen etxea daukan.

Andoain "zorrotz zaintzea" eskatu du aitak, baita Adingabearen Legea gogortzea ere. "Horrela, egiten duenak, egindakoa ordainduko du", gaineratu du.

Ikerketak, aurrera

Neskatoari jipoi basatia eman zion mutila bilatzen jarraitzen du Ertzaintzak.

Antza denez, erasotzailea adingabea da, eta Lasarte-Orian du bizitokia. Biktimak berak identifikatu du, medikuek suspertu eta gero.

Une honetan, neska Donostia Ospitalean dago, hobera egiten ari da, eta badirudi jipoiak ez diola ondorio fisikorik utziko. Zainketa intentsiboetako unitatea utzi du dagoeneko eta hiru edo lau egun barru medikuaren alta jaso dezake, aitaren arabera.

Erasoa goizaldean jazo zen, baina erasotzaileak abandonatuta utzi zuen, eta beraz, ostiral goiza arte ez zuten topatu neska. Konorte barik zegoen, eta ospitalera eraman behar izan zuten. Erasoaren ondorioz, masailezurra hautsita dauka eta burmuinean edema bat du.

Neskaren aitak esan du "lur jota" dagoela. Izan ere, bere sendian jazotako bigarren indarkeria matxista erasoa izan da, haren iloba bati ere eraso baitzioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea