Gizartea -
Osakidetza
Bularreko minbizia detektatzeko programak 625 kasu berri antzeman ditu
Osakidetzak bularreko minbiziaren detekzio goiztiarreko programako 2016ko datuak jakinarazi ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
167.000 emakumek parte hartu dute aurten bularreko minbizia garaiz detektatzeko Osakidetzaren programan, eta horri esker 625 kasu berri antzeman ahal izan dira.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jon Darpon Osasun sailburuak Donostiako Onkologikora bisita egin dute gaur. Onkologikoan, roga radiologiko osagarriez gainera, 200 mamografia inguru egiten dituzte egunean. Lehendakariak gaur goizean bisitatu dituen bularreko minbiziaren unitateak Osakidetzako detekzio goiztiarreko programaren barruan daude eta Gipuzkoako emakumeen % 91ri ematen diete estaldura.
Urkulluk azpimarratu duenez, "Osakidetzaren Programan sartutako baliabide asistentzial berriei eta aurrerapen garrantzitsuei eta euskal emakumeen parte-hartze zabalari esker ari gara lortzen minbizia hasierako faseetan detektatzea, eta asko dira, beraz, sendatzen diren emakumeak". Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programaren eta Osakidetzak une hauetan dituen prebentzio-programa guztien aldeko apustua egiten jarraituko dugu, programa horietarako sarbidea berdintasun-baldintzetan bermatuz, arreta integratua eta kalitatezkoa ziurtatuz, aukera diagnostiko terapeutiko onena eskainiz eta baliabide asistentzialen arteko koordinazioa bultzatuz", gaineratu du.
Osakidetzak 1995eko azaroan jarri zuen martxan Bularreko Minbizia Detektatzeko Programa Araban eta Deba Garaian, eta 1997an Euskadi osora zabaldu zuen. Aipaturiko programa 50 eta 69 urte bitarteko emakumeentzat da, baina 40 eta 49 urte bitarteko emakumeak ere sartzen dira, emakume horien lehenengo graduko familiarteko batek bularreko minbizia izan badu. Guztira, Euskadiko 321.500 emakumek (46.000 Araban, 173.500 Bizkaian eta 102.000 Gipuzkoan) osatzen dute xede-biztanleria. Gaur egun, Osakidetzak kudeaketa unitate bat, 11 behaketa unitate, 7 balorazio unitate eta erreferentziako 7 ospitale ditu.
Programa martxan jarri zenetik eta 2016ko ekainera arte 2.170.988 hitzordu eta 1.746.535 mamografia egin dira, eta guztira 8.005 minbizi-kasu detektatu dira.