Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Emakume bat hil dute aitzur batekin jo ostean, Granadan
Biktima eta erasotzailea ustekabean aurkitu dira. 67 urteko ustezko hiltzailea motor-bizikleta batean zihoan eta bikotekide ohia ikusi du.
Erredakzioa
Aitzur batekin jo ostean hil duten 42 urteko emakumeak bi aldiz salatu zuen ustezko erasotzailea Pinos Puenteko (Granada) Guardia Zibilaren aurrean, Gobernuaren Ordezkariordetzak jakinarazi duenez. Ustez bikotekide ohiak hil du aitzurrarekin.
Guardia Zibilak jakin ahal izan duenez, biktima eta erasotzailea ustekabean aurkitu dira. 67 urteko ustezko hiltzailea motor-bizikleta batean zihoan eta bikotekide ohia ikusi du.
Erasoaren ondorioz, buruan eta lepoan kolpeak jaso ditu emakumeak, Gobernuaren Ordezkariordetzak jakitera eman duenez.
Bi salaketa
Ustezko tratu txarrak direla-eta bikotekide ohiaren aurka bi salaketa aurkeztu zituen emakumeak Pinos Puenteko Guardia Zibilaren aurrean.
Salaketak aurkeztu ostean, Granadako Emakumeen Indarkeria Epaitegiak gizona urruntzeko agindua eman zuen ekainaren 2an.
"Genero-indarkeria protokoloak ezarritakoari jarraituz, babes neurriak hartu zituzten" momentu horretatik aurrera, Ordezkariordetzaren arabera.
Telelaguntza
Barne Ministerioak martxan jarritako Telelaguntza Zerbitzuaren erabiltzailea zen biktima. Era berean, laguntza ekonomikoa eta psikologikoa hartzeko eskaera egina zuen emakumeak.
Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko telefono zerbitzua: 900 840 111 - 016