Gizartea -
Epailearen aurrean
Gizon bat atxilotu dute, Sopelan edukiontziak erretzea leporatuta
Urtarrilaren 2an Sopelan edukiontziak erretzea egotzita atxilotu zuten 48 urteko gizonezkoa epailearen esku gelditu da. 2015ean eta 2016an ere atxilotu eta ikertu zuten, antzeko gertakariengatik.
Agentziak | Erredakzioa
48 urteko gizonezko bat atxilotu dute, Sopela Bizkaiko udalerrian igandean, urtarrilak 1, hainbat edukiontziri su ematea leporatuta. Akusatua egun bat geroago atxilotu zuten, eta aurretik ere atzeman eta ikertu izan dute, 2015ean eta 2016an izandako antzeko gertakariengatik. Epailearen esku gelditu da gaur, asteazkenarekin.
Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, Sopelako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak batera eginiko operazio koordinatu batek ahalbidetu zuen, urtarrilaren 2an, gizona atxilotzea.
2016an, nahita eragindako suteak izan dira behin baino gehiagotan Bizkaiko udalerriko zabor, paper eta beira edukiontzietan. Hori dela eta, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza dispositibo bat jarri zuten martxan.
Joan den igandeko, hilak 1, arratsean, beste sute bat izan zen Zabalbide eta Zubigane kaleetan, eta suhiltzaileek sugarrak amatatu behar izan zituzten hainbat edukiontzitan.
Biharamunean, Ertzaintzak susmagarria, 48 urteko gizonezko bat, atxilotu zuen, eta epailearen esku utzi dute.