Gizartea -
Bide segurtasuna
Txirrindulariek ere puntukako gidabaimena bete dezatela nahi du RACEk
Elkartearen esanetan, 'bide publikoetan ezin ibil daiteke araudia aplikatzen ez zaien ibilgailurik'.
Agentziak | Erredakzioa
Tomas Santa Cecilia RACE (Espainiako Errege Automobil Kluba) elkarteko Bide Segurtasunerako zuzendariak azaldu duenez, txirrindulariek ere puntukako gidabaimena bete dezatela proposatzen dute, eta aseguru bat eta matrikula bat izatera behartu nahi dituzte, errepideetako ezbehar-tasa murrizteko neurri gisa. Horren azken helburua hauxe da: "alkoholaren edo drogen eraginpean zein araudia hautsiz edozein ibilgailu gidatzen duen pertsona oro zigortzeko ahalmena egotea".
"Gure iritziz, bide publikotik dabilen edozein ibilgailuk segurtasunezko gutxieneko arau eta berme batzuk bete behar ditu. Aztertzen ari garena da derrigorrezko aseguru bat egotea txirrindularientzat, bere segurtasuna eta gainerako gidariena bermaturik gera dadin", azaldu du.
Aldi berean, Ceciliak baieztatu duenez, "bide publikoetan ezin ibil daiteke araudia aplikatzen ez zaien ibilgailurik", eta gutxieneko segurtasun-neurri batzuk eskatu ditu errepideetan dauden erabiltzaile guztientzat.
"Txirrindulariak dira harrapatuak direnak"
Ramon Ledesma puntukako gidabaimenaren sustatzailearen esanetan, "neurri horrek ez du lekurik, bide-segurtasuneko heriotza-tasa murrizteko arazoa desitxuratu egiten baitu". "Txirrindulariak dira harrapatuak direnak, eta ez heriotzak eragiten dituztenak", gaineratu du.
Iritzi berekoa da Manuel Martin ConBici elkarteko zuzendaria ere. Deitoragarritzat jo du proposamena, eta ezarriz gero ia inor ez dela bizikletaz ibiliko aurreratu du.