Gizartea -
Eguraldia
Zeropetik ia 10 graduko tenperatura, Euskal Herriko hainbat tokitan
Larunbat gaua ere hotza izango denez, abisu horia mantendu egingo dute.
Agentziak | Erredakzioa
Termometroak zero azpitik ibili dira larunbat goizaldean Euskal Herrian; Araban, batez ere. Zero azpitik ia hamar gradu izan dituzte zenbait tokitan, eta egoera antzekoa izango da larunbat gauean ere. Hori dela eta, abisu horia ezarriko dute izotzagatik.
Gaur goizean, 07:40ean, eguneko tenperatura baxuena izan dute Ozaetan, Araban, -9,7 gradurekin. Euskalmet euskal metereologia agentziak Abetxukon, Gasteizen, duen egoitzan -8,5 gradura iritsi dira.
Bizkaian ere zeropeko tenperatura izan dute zenbait lekutan: Otxandion, adibidez, -9,5 gradu. Gipuzkoan, berriz, Arrasaten eduki dute tenperatura baxuena, -7,1.
Euskalmeten eguraldiaren iragarpenaren arabera, behe-lainoa aurreikusi dute igande goizerako, baina zerua oskarbi geratuko da ondoren; arratsaldean, ostera, eguraldia lainotzen joango da, gauean zerua erabat estali arte, batez ere, Kantauri isurialdean. Han, euria egin dezake egunaren amaieran.
Leaburu, Gipuzkoa. Argazkia: Juan Recalde
Tenperatura minimoek gora egin dute apur bat, baina maximoek bere horretan jarraituko dute. Igandetik astelehenerako gauean ere izotza egitea espero dute. Hala, Gasteizen bihar -7 gradu izan ditzakete, baina Donostian eta Gasteizen ez dira zerotik jaitsiko.
Egoera antzekoa da Nafarroan
Nafarroan ere izoztuta hasi dute larunbata. Tenperaturak apurka-apurka gora egingo du, oraindik izotza egingo duen arren. Zerua pixkat lainotuta edo oskarbi egongo da, baina arratsaldean lainoak areagotu egingo dira.