Gizartea -
Lege berria, indarrean
Lehen hiruhilekoan abortatzeko ez da azalpenik eman beharko gaurtik
Hori horrela, haurdunaldia borondatez eten ahal izatea eskubidea izango da hemendik aurrera.
Erredakzioa
Gaurtik aurrera, 16 urte baino gehiagoko emakumeek ez dute azalpenik eman beharko haurdunaldiko hamalaugarren astean baino lehenago abortatzea erabakitzen baldin badute, gaur sartuko baita indarrean Abortuaren Lege berria.
Hori horrela, haurdunaldia borondatez etetea zigorrik gabeko delitua izatetik, eskubidea izatera pasatuko da. Abortuaren inguruko aurreko legea duela 25 urte sartu zen indarrean, 1985ean. Dagoeneko 1.300.000 emakumek inguru abortatu dute lege horren babesean.
Sexu eta Erreprodukzio Osasun eta Haurdunaldiaren Etetearen Legeak eztabaiden artean aurrera egin du. Izan ere, PPk eta Nafarroako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera jo dute, eta 8 artikulu bertan behera uztea eskatu dute, euren ustez Konstituzioaren 15.artikuluan agertzen den bizitza eskubidearen kontra egiten baitute.
Gaurtik, euren osasun fisikoarentzat edo psikikoarentzat kaltegarria izatekotan edo umeak gaixotasun larriren bat edo arazoren bat izatekotan, 22. astera arte abortatu ahal izango dute. 2008an abortatu zuten % 96k umea izatekotan arazo psikikoak izango zituztela adierazi zuten.
Bizitzarekin bateraezinak diren arazorik edo umearentzako oso larri den gaixotasunik aurkitzekotan ez da egongo mugarik abortatu ahal izateko, betiere Batzorde Kliniko baten onespenarekin.
Legearen punturik polemikoenak abortatzeko adina 16 urtetan ezartzea eta gogorkeria edo indarkeria pairatzeko arriskuan daudela argudiatzekotan, adingabeak abortatzerako orduan gurasoei adierazi behar ez izatea dira.
Haurdunaldia Eteteko Klinika Baimenduen Elkarteak (ACAI) aurreko abortuaren legea eraberritzea eskatu zuen, ustez legez kanpoko hainbat klinikatan abortuak egiten zirelako.
132 aldeko boto, 126 kontrako boto
Berdintasun, Osasun eta Justizia Ministerioak bultzatu zuen legeak 132 aldeko boto eta kontrako 126 boto jaso zituen.
Eraberritutako legeak ere bere egiten du medikuen kontzientzia-eragozpen eskubidea eta haurdun dauden emakumeek jaso ditzaketen laguntza publikoen zein eskubideen berri izateko zerbitzua.