Gizartea -
Donostian
Gerra Zibileko bi hobitan topatutako bi gorpu identifikatu dituzte
Beraien familiakoek kontatu dutenez, orain identifikatutako pertsonak 1936ko irail eta urria bitartean desagertu ziren, Francoren tropak Donostian sartu zirenean.
Erredakzioa
Medikuntzako Euskal Erakundeak (AMEE) gerra zibilaren garaiko bi hilobitan iaz aurkitu zituzten zazpi pertsonen gorpuzkietako bi identifikatu dituzte, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.
2009ko ekainean eta uztailean aurkitu zituzten hobiak Donostiako Amara auzoan; Urumeako autobidearekin lotura-lanetan zegoen hondeamakina batek pertsonen gorpuzkiak aurkitu zituenean.
Urtebete geroago, ADNren laginen erkaketek argi utzi dute zazpi horietako bi gizonezkoak direla.
Beraien familiakoek kontatu dutenez, orain identifikatutako pertsonak 1936ko irail eta urria bitartean desagertu ziren, Francoren tropak Donostian sartu zirenean.
Fusilatutako pertsonak izan litezke
Oraindik nortzuk diren ez dakigun beste bost pertsonen artean, emakume bat dago identifikatu gabe dauden gizonezkoen baten ahaidea dena. Zazpi kasu horietako bitan baieztatu ahal izan da heriotza su-armak eraginda izan zela eta beste lautan arrazoi beragatik izan zela susmatzen da, baina ez dago ebidentzia zientifikorik. Horrenbestez, fusilatutako pertsonak direla uste da.
AMEEk bere ikerketaren emaitzak eman dizkio dagoeneko auzia bideratzen duen Donostiako Epaitegiari eta honek heriotza horiek nola gertatu ziren zehaztuko du.