Gizartea -
Denboralea
Alerta gorria zenbait lekutan Arga ibaiagatik, atertu duen arren
Iruñeko Udalak alerta maila jaitsi du, baina herritarrak informatuta izateko protokoloari eta badaezpadako lanei eutsi die, eta arriskuez ohartarazi ditu.
agentziak
Ebroko Ur Konfederazioak alerta gorria mantendu du gaur, asteartea, goizean, Nafarroako zenbait herritan, Arga ibaiaren maila dela eta.
Une honetan, Konfederazioaren arabera, Arga 706,8 metro kubiko/segundoko emaria duela igarotzen ari da Etxauritik, eta 4,9 metroko altuerarekin.
Halaber, erakundeak alerta maila berari eutsi dio Funesen, 5,19 metroko altuera eta 731 metro kubiko/segundoko emaria baitauka, eta gora egitea espero da.
Gainera, Eugin, alerta aurreko egoeran zeharkatzen ari da herria Arga, 1,07 metroko altuera eta 51,28 metro kubiko/segundoko emariarekin.
Alerta gorrian ere Lizarran Ega ibaia, 3,56 metrorekin eta 163,86ko bolumenarekin.
Euria etenda, hotzari aurre egiteko prestatzen ari da Iruñea
Iruñeko Udalak urak gainezka egiteko arriskua murriztu du, baina orain AEMETek iragarritako hotzaldiari aurre egin beharko dio.
Argak 350 metro kubiko/segundoko emaria izatetik 280 izatera igaro ondoren, Udalak 01 Larrialdi maila jaitsi du, baina badaezpadako lanak mantentzen ari da. Gainera hiritarrekin informazio jarioa mantendu eta arriskuez ohartarazten jarraitzen du.
Udalak emandako azken datuen arabera, gaur goizean soilik itxi dituzte Magdalena inguruetan dauden sarbideak (Burlatarako bidea, bi noranzkoetan, Caparrosorako bidea eta Igeriketa klubaren instalazioetara heltzeko eta Goñi lursailerako bidea, hala nola, Ibai Parkerako oinezkoen sarbideak.
EAEko errepideetan zirkulazioa etenda, oraindik ere
Atzoko zaparradek zenbait eragozpen sortzen jarraitzen dute EAEko errepide sarean. Hala, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, hauek dira ur-putzuen eta gainezka egin duten ibaiengatik etenaldiak izan dituzten errepideak:
Araban, A-3310 errepidean, 29.km-an, Pobesen; A-3312 errepidean 31.km-an, Betian eta A-4356 errepidean, 32.km-an Mimbredo.
Gipuzkoan, Tolosan, GI-3714 errepidea 3. kilometroaren parean.
Bizkaian, BI-3950 errepidea baino ez, 55. kilometroan, luizi batengatik.