Gizartea -

Autoentzat

A-3 errepidea guztiz irekita, ordu luzez itxita egon ostean

Sustapen ministroak barkamena eskatu du errepideetan eta trenbideetan izaten ari diren arazoengatik, eta datozen orduetan eguraldiak ildo beretik jarraituko duela iragarri du.

Eroritako zuhaitzek eta dorreek laguntza behar zuten lekuetara heltzea zaildu dute. Argazkia: EFE
Eroritako zuhaitzek eta dorreek laguntza behar zuten lekuetara heltzea zaildu dute. Argazkia: EFE
Valentzia eta Albaceten 1.200 ibilgailu harrapatuta, gau osoan

1:18

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

A-3 autobidea noranzko bietan (Valentziakoan zein Madrilekoan) ireki dute gaur goizeko azken orduan, Juan Carlos Moragues Espainiako Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen ordezkariak jakitera eman duenez.

Ostegun arratsaldeko hasiera partean maila gorria ezarri zuten A-3 errepidean; horrenbestez, ibilgailu astunek (kamioiak eta autobusak) debekatuta zuten handik ibiltzea, eta nahitaezkoa zen kateak erabiltzea. Alabaina, 20:00etan maila beltza ezarri eta errepidea itxi zuten.

Gobernu ordezkariak onartu duenez, atzokoa "oso gau zaila" izan da, eta maila gorritik beltzera igarotzeko arrazoiak hiru izan zirela argitu du: izandako elurte handiak, "duela 30 urte baino gehiagotik izan diren handienak, metro eta erditik gorako elur-mailarekin", tentsio handiko hiru zutaberen erorketa eta hainbat ibilgailu astun errepidean gurutzatuta geratu izana.

Goizean zehar, galtzada oztopoa eragiten zuten ibilgailuetatik libre uztea lortu dute, eta azkenerako A-3aren bidezko Valentzia eta Madril bitarteko lotura gaitzea lortu dute: lehendabizi Valentziako noranzkoan, eta, geroago, Madrilekoan.

Larrialdietarako Unitate Militarra

Errepideetan eta trenbideetan eroritako tentsio handiko dorreek eta elektrizitate kableek oztopatu egin dute Larrialdietarako Unitate Militarra A-3 autobidean ez aurrera ez atzera geratu diren pertsonengana heltzea, burusiak eta janaria emateko.

Valentziako Erkidegoan Espainiako Gobernuak duen Ordezkaritzak EFEri azaldu dionez, atzo 17:00etan gidatzeko debekua ezarri zuten ibilgailu astunentzat Valentzia eta Madril lotzen dituen autobidean, baina, debekuak debeku, horietako batzuk autobidera sartu ziren, irrist egin zuten eta A-3an zeharka geratu ziren.

Ondorioz, 20:00etan autobidea erabat itxi zuten, bertan harrapatuta ehunka ibilgailu zeudela. Hori dela eta, Larrialdietarako Unitate Militarra bidali zuten, eta Sustapen Ministerioko Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitzako Estatu idazkaria Valentziara joan da, krisialdiari aurre egiteko mahaia gidatzeko, egoeraren jarraipena bertatik bertara egiteko.

220 pertsonak osatu dute gau osoan lanean aritu den larrialdietarako taldea: 70 guardia zibil, 49 militar, 60 errepide eta elurra kentzeko 12 makina.

A-3aren zati batzuek itxita jarraitu dute ostiral goizean, baina ostiralean zehar erabat zabaltzea aurreikusi dute.

Zuhaitzak erorita Valentziako hiriburuan ere. Argazkia: EFE

Zuhaitzak erorita Valentziako hiriburuan ere. Argazkia: EFE

Zuhaitzak erorita Valentziako hiriburuan ere. Argazkia: EFE

Trenean ere harrapatuta

1.100 bat lagun harrapatuta geratu ziren atzo Albaceteren inguruetan, eta Alacanteraino trenez joatea edo hotel batean gaua pasatzea eskaini zieten, Renfetik Eferi azaldu diotenez.

Gainera, 500 bat pertsona trenaren barruan harrapatuta geratu ziren, Albaceten, matxura izan ondoren. Beste tren batean sartu eta hiriburura eraman zituzten.

Espainia hartu duen denboralearen ondorioz, abiadura handiko trenen zerbitzua eten dute Albacete eta Alacant artean, eta baita ohiko zerbitzua ere La Encina eta Chinchilla artean, eta Xátiva-Alcoy tartea, Alacanten.

Ministroaren barkamen eskaera

Iñigo de la Serna Sustapen ministroak barkamena eskatu du errepideetan eta trenbideetan izandako arazoengatik, eta eguraldiak datozen orduetan ildo beretik jarraituko duela iragarri du.

Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen azken orduko berriak kontuan izateko eta denboralea gogorren astintzen ari den probintzietan autoa ez hartzeko eskatu die ministroak herritarrei Ser irrati katean. Gainera, trena hartu behar badute, geltokira joan aurretik informatzeko eskatu die.

Ezohikotzat jo du egoera De la Sernak, eta "ez du onera egingo; beraz, egoera oso zaila izango dugu errepideetan", gaineratu du.

Aemeten arabera, Castellon zein Valentzian alerta gorria ezarri dute, 25-35 zentimetrorainoko elur-geruza pilatzeko arriskua baitago. Elur kota 300-400 metroan egongo da lehen orduetan, eta, orduek aurrera egin ahala, gora egingo du. Alacanten abisu horia ere ezarri dute, prezipitazio handiak izatea espero baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Espainia bideoak Denboraleak albisteak Eguraldia Donostia Elurra Eguneko albisteak Hotz polarra Valentziako Erkidegoa gaur