Gizartea -
Nafarroa
Noraezean zebilen mendizale bat erreskatatu dute Saioan, Baztanen
Tontorreraino heltzea lortu zuen, baina jaitsieran nahasi egin zen, behe-lainoagatik.
agentziak | erredakzioa
Mendizale bat erreskatatu dute bart Saioa mendian, Baztanen, behe-lainoagatik noraezean egon eta, gainera, eskietako bat galdu ostean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Gizonak 20:22an eskatu zuen laguntza, 112 telefonoaren bidez, eta, azaldu zuenez, tontorreraino heltzea lortu zuen, baina menditik jaisten hasi zenean, eskiekin, nahasi egin zen behe-lainoagatik eta, gainera, biratu zuen une batean eskietako bat galdu zuen.
Horrezkero, Oronozko suhiltzaileak bertaratu ziren, baina Artesiagatik mendizaleak adierazitako punturaino oinez egin behar izan zuten bidea. Heldu zirenean, mendizalea onik zegoela baieztatu zuten, hori dela eta, kranpoiak utzi zizkioten Saioaren magala jaitsi ahal izateko.
Gobernuaren esanetan, elurra gogorturik eta oso irristakor zegoen, eta kranpoirik ez zuenez, arazoak izan zituen bidea egiteko.
Horrez gain, iluntzen hasia zegoen, eta horrek istripua izateko arriskua areagotu zuen; horregatik, mendizaleak zegoen lekuaren koordenatuak jakinarazi zizkien erreskate zerbitzuei, eta haien zain geratu zen.